Koliseoa

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Erromako Koliseoa, gauez.

Koliseoa Italiako Erroman dagoen antzinako anfiteatro bat da. Gure aroko 70. urtean hasi ziren eraikitzeko lanak Vespasiano enperadorearen agintaldian, eta 80. urtean amaitu, Tito enperadorearen agintaldian. Harriz eta zementuz egina dago, eta Erroma zaharreko arkitektura eta ingeniaritza lanik bikainenetako bat da.

Munduan den anfiteatrorik handiena ere bada: bere garaian, 50.000 eta 80.000 bitarte ikusle bil zitezkeen bere barruan. Bertan, gladiatore-borrokak eta ikuskizun publikoak egiten ziren: naumakia edo itsasontzi-borrokak, animalien ehiza, exekuzioak, bataila ospetsuen antzezpenak eta mitologia klasikoan oinarritutako antzezlanak, adibidez.

Lurrikaren ondorioz eta bere harriak historian zehar beste hainbat eraikinetarako erabiliak izan ondoren, oso kaltetua dago; baina, hala ere, antzinako erromatarren arkitekturaren eraikinen artean hobekien kontserbatzen direnetako bat da, eta gaur egun Erromako turismoaren puntu bisitatuenetako bat da. Oraindik oso lotua dago Eliza Katolikoari, eta, horren ondorioz, Aita Santuak berak parte hartzen du Ostiral Santu egunean bertaraino egiten den prozesioan.