Vikidiatik

Kontinenteen talka

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Plaka tektonikoen talkaren eskema.

Kontinenteen arteko talka gerta daiteke Lurraren azala osatzen duten plaka edo zatietako bik bata bestearen kontra talka egiten dutenean, hau da, bata bestearen aurka bultzaka ari direnean.

Kontuan izan beharra dago Lurraren azala puzzle erraldoi moduko zerbait dela: hainbat plakatan apurtuta dago, hau da, hainbat zatiz osatuta. Lurraren azala ez da pieza bat bakarra, asko baizik. Gainera, plaka horiek oso-oso poliki mugitu egiten dira, Lurreko mantuaren gainean flotatzen daudelako. Mantua bera mugitzen diren material malguez eginda dago: Lurraren barruan dagoen magma delakoa (harri urtu beroak) gorantz mugitzen da, Lurraren goiko alderantz; eta, hozten denean, beherantz mugitzen da. Horrek ere eragiten du plaka tektonikoen mugimendua.

Zein ondorio dituzte plaken mugimenduak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plaken etengabeko mugimendu honen ondorioak desberdinak dira epe laburrean eta epe luzean:

Epe laburreko ondorioak: lurrikarak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurreko plaka horiek, hala ere, oso poliki mugitzen dira; normalean, urtean zentimetro apur batzuk besterik ez. Baina, batzuetan, plaken mugimendu horrek tentsio handia eragiten du plaketako materialen artean, eta orduan zerbait apurtzen da; batzuetan, indar handiz, eta orduan lurrikarak deitzen ditugunak gertatzen dira.

Hau da, bi plakaren arteko lerroan gertatzen dira beti lurrikarak.

Epe luzeko ondorioak: mendien sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendiak honela sortzen dira.

Kontinenteen talkak milioika urtetan zehar dituen ondorioak oso bestelakoak dira: munduan dauden mendilerro eta mendikateak Lurreko plaken mugimenduagatik sortutakoak dira.

Izan ere, bi plaka elkarren kontra bultzaka ari direnean, haietako bat bestearen gainetik altxatzen da, eta horrela sortzen dira mendilerroak, lurrazala tolestean. Geologian (Lurraren eraketa aztertzen duen zientzian), subdukzioa deitzen zaio plaka bat bestearen azpian sartzeko fenomeno horri.

Plakek dentsitate desberdina izaten dutelako gertatzen da subdukzioa: normalean, dentsitate handiena duen plaka izaten da bestearen azpian sartzen dena. Dena dela, behean gelditzen den plakak dentsitate oso txikia izanez gero, goiko plaka altxarazi gabe hondoratzen da mantuan eta, orduan, ez da lurrazala tolesten eta mendirik sortzen.

Bi plaka mota daude: batetik, kontinenteak osatzen dituzten plakak lurrazal kontinentaleko parte dira, eta batez ere granitoz osatuak egoten dira; eta, bestetik, itsaspean dauden plakak, basalto gehiagoz osatuak. Beti egon dira kontinenteak lurrazalean itsasoak osatu zirenetik; baina, Lurraren historia geologikoan zehar, kontinenteak mugitu egin dira, hurbildu eta urrundu egin dira, eta, beraz, forma eta kokapen desberdinak eduki dituzte. Eta mugitzen jarraitzen dute; horrek esan nahi du, miloika urte barru, kontinenteak oso desberdinak izango direla gaur duten formarekin konparatuta.

Ikusi beste artikulu hau ere[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azalpen gehiago dituzu beste artikulu honetan ere: