Vikidiatik

Kopenhage

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Kopenhageko irudi batzuk.

Kopenhage Europako iparraldeko hiri bat da, Danimarka izeneko herrialdeko hiriburua eta hiririk handiena. itsaso Baltikoaren sarreran kokatuta dago, herrialdearen ekialdean, Sjælland edo Seelandia eta Amager izeneko uharteen artean.

2018ko urtarrileko datuen arabera, 613.288 biztanle ditu, baina haren metropoli-eremuan 1,3 milioi biztanle bizi dira.

Hiriko itsas portuak garrantzi handia dauka Eskandinaviaren, Europako mendebaldearen eta ekialdearen arteko merkataritzarako. Industriak (ontzigintzak eta mekanikak) ere pisu handia du bere ekonomian.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XI. mendean, gotzain daniar batek gaztelu bat eraiki zuen gaur egun Kopenhage dagoen lekuan, garai hartako arrantzale-portua defenditzeko; ondorioz, herri txiki bat hazi zen. Baina XV. menderako, berriz, herri hark garrantzi handia hartu zuen, Danimarkako erregearen egoitza eraiki zenean. Harresiak eraiki zituzten XVI. eta XVII. mendeetan.

Izan ere, itsaso Baltikoaren eta Ipar Itsasoaren arteko pasabidean egonda, hiriak eraso asko jasaten zituen: suediarrek setiatu egin zuten 1658-1659 bitartean; ingeles, holandar eta suediarren gerra-ontziek bonbardatu zuten 1700ean, eta ingelesek berriro 1807an.

Hiriak izurritea izan zuen 1711-1712 bitartean, eta sute ugari jasan zituen XVIII. mendean; horregatik, hirian XVIII. mendea baino lehenagoko eraikin gutxi ditu. 1856an, hiriko harresiak bertan behera bota eta parkeak eta bulebar zabalak eraiki zituzten. XIX. mendean, industriaren garapen handia gertatu zen.

Leku ikusgarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Christianborg gaztelua.
  • Kopenhageko sirenatxoa, Hans Christian Andersen ipuingilearen pertsonaiaren omenezko estatua.
  • Christianborg gaztelua.