Vikidiatik

Kristautasun

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Gurutzea da kristautasunaren sinbolo edo ikurrik garrantzitsuena.

Kristautasuna munduko erlijiorik zabalduena da, 2.500 milioi jarraitzaile inguru ditu. Jesus Nazaretekoaren bizitza, heriotza eta irakaskuntzak ditu oinarri. Hiru adar nagusi ditu: Erromatar katolizismoa, Eliza ortodoxoa eta protestantismoa.

Kristautasunaren oinarrizko ideietako bat da Jesus Kristo dela, Jainkoak hautatu eta bidali zuena gizakiak salbatzeko. Kristauek diote Jesusek sufritu egin behar izan zuela, ondoren hil eta azkenik berpiztu, gizakien bekatuak garbitzeko. Kristauentzat, Jesusen berpizkundea itxaropen bat da, haiek ere betiko bizitza izango dutela pentsatzeko arrazoi bat ematen dielako.

Kristauek ere Hirutasun Santua delakoan sinesten dute. Ideia horrek esan nahi du hiru pertsona daudela Jainko bakarrean batuta: Aita (Jainkoa bera), Semea (Jesus) eta Espiritu Santua; Espiritu Santua laguntzaile moduko bat da, gizakiak laguntzeko eta gidatzeko bidalia.

Kristautasunaren testu sakratua Biblia da. Bi liburuz osatuta dago: Itun Zaharra (hebrear Biblia edo juduen Biblia) eta Itun Berria, Jesusen historia kontatzen duena.

Bizitza kristauaren erdigunean, Jainkoa gauza guztien gainetik maitatzea dago. Kristautasunak dio, halaber, jendeak elkar maite behar duela eta bihozberak, apalak eta adeitsuak izan behar dutela.

Kristau asko elizkizunetara aldizka joaten dira. Igandea da erlijio-egun ohikoena. Elizkizun horiek meza izenez ezagutzen dira. Mezan otoitz egin, abestu eta Bibliako irakurgaiak egiten dira, apaiz baten hitzaldia eta sermoiarekin batera. Jaunartze izeneko zeremonia bat dago; zeremonia horretan, kideek ogia jan eta ardoa edaten dute, Jesusek haren jarraitzaileekin egindako azken afariaren omenez.

Kristauentzat, hiru egun garrantzitsu daude: Eguberri-eguna, Epifania eta Pazkoa. Eguberri-egunak Jesusen jaiotza ospatzen du. Tradizio asko daude gaur egun festa horretara lotuta, hauen artean: Eguberriak, Eguberrietan jartzen den zuhaitza eta umeei egiten zaizkien opariak. Epifaniak Errege Magoek Jesus jaioberriari egindako ikustaldia ospatzen du. Pazkoa, berriz, urteko egunik sakratuena da kristauentzat: Jesu Kristoren eta hildakoen berpizkundean duten sinesmena ospatzen da egun horretan.

Jesus eta haren jarraitzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kristautasuna Ekialde Hurbileko judaismotik sortu zen. Gure aroko 29. urtearen inguruan, Jesus izeneko judu bat Galilea inguruan predikatzen hasi zen; jarraitzaile asko erakartzen zituen haren sendatzeko botere eta irakaskuntza erlijiosoengatik. Baina boterea zuen jendea altxamendu bat egingo ote zuen beldur zen eta, horregatik, atxilotu eta hiltzera kondenatu zuten. Bibliak dioenez, Jesus hil eta hiru egunetara, hildakoen artetik berpiztu zen, lurrean 40 egunez egon zen eta gero zerura igo zen.

Denbora luzez, Jesusen jarraitzaileak juduen modu berean jarraitu zuten erlijioa praktikatzen. Ezberdintasun bakarra zen uste zutela Jainkoak bidalitako salbatzailea zela Jesus. I. mendean, Paulo izeneko predikari batek kristautasuna eta judaismoa bi erlijio ezberdinetan banatzen lagundu zuen.

Kristautasunaren hedapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kristau erlijioak jarraitzaile gehien dituen herrialdeen mapa.

Jesusen irakaskuntzak hedatzen laguntzeko, lehenengo kristauetako batzuek hari buruzko testu edo izkribu batzuk idatzi zituzten. Mateo, Marko, Lukas eta Joan izeneko lau gizonek idatzitakoa aukeratu zen Jesusen bizitzaren eta irakaskuntzaren kontakizun batu modura. Lau narrazio hauek Itun Berriaren parte dira; ebanjelioak deitzen dira, eta, lau idazle horiei, ebanjelista deitzen zaie.

Eliza hasi zenean, Erromatar Inperioak Mediterranear eskualdearen zati handiena kontrolatzen zuen. Inperioaren barnean bizi ziren kristauentzat, bizitza zaila eta arriskutsua zen. Haien sinesmenengatik bortizkeriaz tratatuak izan ziren. 321. urtean, erromatar enperadorea kristau bihurtu zen. IV. mendearen bukaeran, kristautasuna inperioaren erlijio ofiziala zen. Botere honek kristautasunaren lekua munduan finkatzen lagundu zuen.

Kristautasuna Erdi Aroan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kristautasuna garrantzia bereganatzen hasi zen Erdi Aroan, VI. mendetik XVI. mendera bitartean, alegia. Agintariak boteretsu eta aberats bilakatu ziren, eta Eliza Europako erakunde kultural garrantzitsuena bihurtu zen.

Baina kristautasuna zabaltzen zen heinean, ezin zuen bateratuta jarraitu. Horrela, 1054. urtean Konstantinoplako Ekialdeko eliza Erromako mendebaldeko elizatik banandu zen, ohitura eta sinesmen desberdinen ondorioz.

Beste gertakari garrantzitsu bat Gurutzadak izan ziren. XI. mendean, turkiar-musulman inperio batek Asiako hego-mendebaldea konkistatu zuen, Jesusi lotutako hainbat lur barne. Hurrengo bi mendeetan, Europako kristau ejerzito edo armadak indar musulmanen aurka borrokatu ziren Ekialde Hurbilean, Lur Santua birkonkistatzeko asmoz.

Garai modernoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVI. mendean, Martin Lutero izeneko apaiz aleman batek zalantzan jarri zituen Erromatar Eliza Katolikoaren ohitura eta irakaskuntza batzuk. Luteroren kritikak Erreforma izenez ezagutu zen erlijio iraultza aurrera eramaten lagundu zuen. Ondorioz, erreformatzaile batzuek lehenengo eliza protestanteak sortu zituzten.

Kristautasuna Europan zabaldu zen heinean, kristauek pentsatu zuten beste lurraldeetan zegoen jendeari erakutsi behar ziotela beren erlijioa. Hartara, XVI. mendetik aurrera, misiolari kristauek haien fedea irakatsi zuten Afrikako, Asiako, Ipar eta Hego Amerikako hainbat lekutan. Ahalegin horiei esker, kristautasuna munduko erlijio zabalduena bihurtu zen. Gaur egun, kristautasunak mundu osoan 2.450 milioi jarraitzaile dituela esaten da.