Vikidiatik

Kronologia

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Historiako aroen banaketa

Kronologia historiako gertakariak denboran noiz eta zer ordenatan gertatu diren bilatzen duen jakintza da. Hitzak, berez, "denborari buruzko ikerketa" esan nahi du eta antzinako grezierazko χρόνος (chronos: "denbora") eta -λογία (logia: "ikerketa") hitzen batuketatik ateratakoa da.

Hortaz, gertaera batzuk "ordena kronologikoaren arabera" kontatzen direla esaten dugunean, gertaera horiek denboran zehar gertatu ziren hurrenkera berean kontatzen direla esaten ari gara; hau da, denboraren lerroan, lehenago gertatu zirenak lehenago jarriz eta ondoren gertatutakoak ondoren kokatuz.

Esate baterako, gurpilaren asmakuntza, bizikletaren sorrera eta lehen automobilaren eraikuntza hiru gertaera historiko dira. Ordena kronologikoaren arabera kokatu nahi baditugu, lehenbiziko tokian gurpilaren asmakuntza jarri behar dugu (Neolitoaren amaieran); bigarren lekuan, bizikletaren sorrera ipini behar dugu (XV. mendearen amaiera aldera, gutxi gorabehera); eta azkenik lehen automobilaren eraikuntza (XIX. mendearen amaiera aldera).

Kronologia Historiografiaren jakintza osagarri edo laguntzailea ere bada. Izan ere, historialariak kronologiaz baliatzen dira historia hainbat arotan banatzeko: Historiaurrea, Antzinaroa, Erdi Aroa, Aro Modernoa eta Aro Garaikidea, adibidez.

Kronologiaren abiapuntuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zibilizazio guztiek erabili dituzte denbora neurtzeko metodoak edo sistemak. Metodo edo sistema horiek abiapuntu bat izaten dute historiaren ordena kronologikoaren barruan, askotan jatorri erlijiosoa duena, eta zibilizazio edo erlijio bakoitzak abiapuntu desberdina izaten du.

  • Hebrearrek munduaren sorkuntza hartzen dute denboraren abiapuntutzat, Biblian egiten den kontakizunean oinarrituz.
  • Erromatarrek Erromaren fundazioaren dataren arabera antolatzen zuten denbora, kondaira batean oinarrituta.
  • Kristauek Jesukristoren jaiotza erabiltzen dute denboraren kronologiaren abiapuntutzat. Kronologia hori VI. mendean erabiltzen hasi zen eta, gaur egun, bera da Mendebaldean nagusitu dena.
  • Musulmanek Mahomaren Medinako egonaldiaren hasiera hartzen dute beren kronologiaren abiapuntutzat, gure aroko 622. urtean, gutxi gorabehera.