Kultura

Vikidiatik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu
Euskal dantza tradizionalak euskal kulturaren adierazpen bat dira.

Kultura gizakiek egiten, pentsatzen, esaten eta sortzen dutena da kultura; baina, kultura izateko, gizarte oso batek edo pertsona-talde oso batek partekatu behar ditu hainbat ezagutza, ohitura eta jokabide. Gauza ezberdin askok osatzen dute gizarte baten kultura; horien artean, hizkuntza, artea, musika, ohiturak, janaria, arropa, tresnak, sinesmenak eta erlijioa.

Lehen gizakiak tresnak egiten hasi ondoren hasi zen garatzen kultura. Gizakiek, azkenean, tresnak sortzearen eta erabiltzearen inguruko ohiturak garatu zituzten. Ohitura horiek kultura-modu goiztiarrak ziren.

Gizarte bakoitzak bere kultura dauka. Horregatik, kultura bakoitza bakarra da. Gizatalde baten inguruak erabakitzen du sarritan zein kultura mota garatzen den. Adibidez, eskualde hotz eta menditsu batean bizi den gizatalde baten kultura nekez izango da lurralde bero batean edo basamortu batean bizi diren pertsonen kulturaren antzekoa. Inguru edo egoera oso desberdinetan bizi diren gizataldeek kultura oso desberdinak garatzen dituzte. Hala ere, denok gizakiak izanik, kultura guztiek izaten dituzte antzekotasunak ere, hainbat gauza berdin partekatzen dituzte. Adibidez, gizarte guztiek antzera garatzen dituzte familiarekiko harremanak, kultura guztiek bereizten dute ongia gaizkitik (baina, beharbada, ez dituzte gauza berberak ontzat edo txartzat hartuko), kultura guztiek izaten dute antzeko modua artea egiteko, jolasteko, agintariak aukeratzeko eta seme-alabak hezteko. Kultura bakoitzak, ordea, modu desberdinetan egiten ditu gauza horiek.

Nola irauten dute kulturek?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pertsona edo belaunaldi zaharrek eskuratzen diete beren kultura belaunaldi gazteei. Horrela, talde baten tradizioek luzaroan iraun dezakete. Hala ere, denborarekin, kultura aldatu ere egiten da. Ingurua aldatzen denean gerta daiteke hori; gizatalde desberdinen arteko harremanen bidez ere gertatzen da kulturaren aldaketa: talde bakoitzak ideia berriak ekartzen dizkio besteari, haien arteko harremana baketsua denean. Beste batzuetan, ordea, gatazkak gertatzen dira haien artean, eta kulturak ere izaten du horren eragina; adibidez, gizatalde batek arma bat baldin badu beste taldeak ez duena, bigarren taldeak ere ahaleginak egingo ditu arma hori eskuratzeko, bere burua hobeto defenditzeko.

Zer da "goi kultura"?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Askotan esaten da norbaitek kultura handia duela; hau da, asko ikasi duela bere bizitzan, pertsona ikasia edo eskolatua dela, eta ondo ezagutzen dituela kultura unibertsalaren emaitzarik baliotsuenak. Kulturaren adierazpen horiei "goi kultura" deitzen zaie, eta artearekin eta pentsamenduarekin dute zerikusia, batez ere margolaritza, eskultura, arkitektura, musika, dantza, zinema, antzerkia, opera eta literaturarekin, eta horiei eskainitako erakundeekin (eskolak, museoak, eraikin historikoak eta abar).