Vikidiatik

Landare intsektujale

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Zomorroa harrapatuta duen landare intsektujale bat.

Landare intsektujaleei askotan haragijale edo karniboroak ere deitzen zaie, baina benetan ez dute haragirik jaten; zomorroak harrapatzen dituzte, intsektuak edo armiarmak bereziki. Zergatik? Bada, ez dituztelako behar bezainbeste nutriente edo mantenugai aurkitzen lurrean. Animaliak harrapatzeko modua asko aldatu daiteke landare espezie batetik bestera; hona hemen modu horietako batzuk:

  • Hostoak itxiz: landare intsektujale batzuek itxi daitezkeen hostoak dituzte, zomorroak harrapatzeko.
  • Ile itsaskorrak erabiliz: intsektuak itsatsita geratzen dira landareen ile likatsuetan eta ezin dute ihes egin.
  • Edalontzien antzeko hostoak erabiliz: landare espezie batzuek pitxer edo edalontzien antzeko hostoak dituzte, bai eta batzuetan estalki moduko zerbait. Euriarekin, pitxer moduko hosto horiek urez betetzen dira; horrela, zomorroren bat sartzen denean, landareek estalkia itxi egiten dute, zomorroak ezin dira irten eta itota hiltzen dira.

Landare intsektujaleen 600 espezie baino gehiago daude. Munduko bazter guztietan hazten dira, Antartikan izan ezik. Eguzki eta ur kantitate handia behar dute, eta horregatik normalean oihan tropikaletan aurkitzen dira. Beste landareentzat mantenugai gutxikoak diren lurretan hazten dira, lur ez oso emankorretan. Horrela ez balitz, ez lukete inongo aukerarik izango beste landareen aurka, motel hazten baitira gehienetan.

Landare intsektujale gehienek intsektu edo antzeko zomorroentzako tranpak dituzte. Horrela, inurri, euli, eltxo edo armiarmaren bat hostoen artera sartzen denean, harrapatuta geratzen da barruan. Ondoren, landareak enzima izeneko proteina batzuk jariaten ditu, eta enzima horiek zomorroa poliki-poliki usteltzen dute; modu horretara zurrupatzen ditu landareak zomorrotik ateratako mantenugaiak. Dena dela, horretarako, denbora asko behar dute: euli bat digeritzeko, bi aste inguru behar izaten dituzte.

Historia pixka bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zientzialariek ez zekiten ezer landare hauei buruz XVIII. mende bukaera arte. 1768an iritsi ziren lehen espezieak Ingalaterrara. Charles Darwinek azaldu zuen 1865ean landare hauen elikatzeko modua.