Landareen sailkapena

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Pinuek hosto iraunkorrak dituzte.
Hosto erorkorreko zuhaitzak.

Landareak oso ugariak dira eta, horregatik, modu edo irizpide asko daude sailkatzeko, haien ezaugarri batzuen edo besteen arabera. Irizpide edo ezaugarri horietako batzuk honako hauek dira:

  • Tamainaren arabera
  • Ugalketaren arabera

Tamainaren arabera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landareak txikiak diren bitartean, elkarren antz handia dute; baina, hazten eta handitzen direnean, oso itxura desberdina hartzen dute. Nagusiki, hiru sail desberdin bereizten dira:

  • Zuhaitzak: tamaina handieneko landareak dira. Itxura eta tamaina askoko zuhaitzak daude, baina denek honako ezaugarri hauek dituzte:
    • Zurtoin bat dute, zurezkoa, luzea, lodia eta gogorra; enborra deitzen zaio.
    • Lurretik halako altuera batean, adarrak dituzte, eta adarretan hostoak dituzte. Zuhaitz batzuek hosto erorkorrak dituzte, udazken edo neguan erori egiten zaizkie ez izozteko, eta udaberrian ateratzen zaizkie berriro; beste batzuek, berriz, hosto iraunkorrak dituzte, urte osoan dituzte hosto berdeak, etengabe berritzen zaizkie.
  • Zuhaixkak: tamaina ertaineko landareak dira, zuhaitzak baino txikiagoak. Honako bereizgarriak dituzte:
    • Zurtoin bat baino gehiago izan ditzakete, zurezkoak, baina zuhaitzena baino laburrago, estuago eta bigunagoak.
    • Askotan, zabalean hazitzen dira gehiago altueran baino.
    • Adarrak lurretik altuera txikian ateratzen zaizkie. Zuhaitzen bezala, batzuek hosto iraunkorrak dituzte eta beste batzuk hosto erorkorrak.
  • Belarrak: tamaina txikieneko landareak dira. Honako bereizgarriak dituzte:
    • Zurtoin biguna dute, malgua eta mehea, normalean berdea.
    • Bizi laburra izaten dute; kasu askotan, urte bakoitzean loratu eta fruitua eman ondoren hil egiten dira, edo beste landare bat ateratzen da hazitik.


Ugalketaren arabera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ugaltzeko moduaren arabera ere sailkatzen dira landareak, eta hemen bi bultzo bereizten ditugu:

  • Landare loredunak: loreak eta haziak dituzte ugaltzeko. Landare gehienak multzo honetan daude. Landare hauen ugalketa-organoak loreetan daude, eta haietan sortzen dira haziak, ugalketarako balio duten organoak. Landare loredunen multzo honen barruan, beste bi sail edo azpimultzo handi bereizten ditugu, ezaugarri baten arabera, fruiturik ematen duten ala ez:
    • Gimnospermoak: ez daukate fruiturik hazien inguruan, haziak babesteko (izenak "hazi biluzia" esan nahi du, horregatik, hain zuzen). Lore sinple eta txikiak izaten dituzte. Pinuak eta izeiak dira sail honetakoak. Hauetan, haziak pinaburuetan sortzen dira.
    • Angiospermoak: Fruitua ematen dute; landare eboluzionatuagoak dira, lore konplexu eta ikusgarriagoekin. Multzo honetakoak dira gereziondoa edo sagarrondoa, esate baterako.
  • Landare loregabeak: Ez dute lorerik ematen eta, beraz, ez dira ugaltzen hazi, lore edo fruituen bidez; ugalketa asexuala egiten dute: espora deitzen diren zelula berezi batzuk askatzen dituzte, landare berri bat ematen dutenak. Multzo honetakoak dira goroldioak, garoak eta algak. Landare motarik zaharrenak dira, eta hezetasun handia behar dute ugaltzeko.