Vikidiatik

Letagin zuri

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Liburuaren ingelesezko ale bat.

Letagin zuri (ingelesez, White Fang) Jack London idazle estatubatuarraren eleberri bat da. Letagin zuri deitzen den otso-txakur basati bati buruzkoa da, eta 1906an argitaratu zen. Liburuan kontatzen dira txakur horrek Yukon aldean eta Kanadako ipar-mendebaldeko lurraldeetan bizitako abenturak, Klondike-ko urre sukarra izeneko garaian, 1890ean. Istorio hau Londonen libururik garrantzitsuenean kontatzen denaren antzekoa da, Basabizitzaren deia liburuan alegia, zeinen protagonista lera-txakur gisa erabiltzen duten txakur bat baita, bukaeran naturara joaten dena bere arbaso basatiek bezala bizitzeko.

Letagin zuri eleberriko zati handi bat txakurraren ikuspuntutik dago kontatuta; horregatik, idazleak animalien mundua aztertzeko, eta horiek gizakiei buruz pentsatzen dutena erakusteko aukera du. Liburuak animalien zein gizakien mundu basatiak aztertzen ditu, bai eta beste gai konplexu batzuk ere, esaterako, moraltasuna eta erredentzioa.

Euskal itzulpena Xabier Mendigurenek egin zuen, eta 1986an argitaratu zuen Elkar argitaletxeak.

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi gizon natura basatian daude Alaskako iparraldean. Otseme batek haien txakurrak erakartzen ditu bere otso-taldeak jan ditzan. Gizonei soilik hiru bala geratzen zaizkie, eta bietako batek, Billek, bere txakurretako bat salbatzen saiatzeko gastatzen ditu. Hala ere, ez du ongi apuntatzen eta otsoek gizona eta txakurra akabatzen dituzte. Soilik beste gizonak, Henryk, eta bi txakurrek jarraitzen dute bizirik; gizonak sua egiten du otsoak uxatzeko, baina haiek erasotzen jarraitzen dute. Azkenean, beste gizon batzuek salbatzen dituzte.

Otsoak gosetea ari dira sufritzen. Otso ar batzuk eta otseme bat dira taldeburuak, baina jatekoa aurkitu ondoren, otso-taldea banantzen hasten da. Otsemea beste otso batekin elkartzen da eta kumeak ditu. Jatekorik ez dutenez, soilik batek lortzen du bizirik irautea, baina kume hori indartsu eta borrokalari hazten da. Indiarren herrixka batera iristen dira eta erdi otso erdi txakur den otsemearen jabea aurkitzen dute. Gizonak berriz harrapatzen du, eta Letagin Zuri, otsemearen kumea, bertatik gertu geratzen da. Indiar batek otsemea erosten du, eta Letagin Zuri amaren jabearekin geratzen da, hots, Kastore Grisekin. Herrixkako otsoak, eta batez ere Lip-Lip izeneko bat, Letagin Zuri beldurtzen saiatzen dira.

Letagin Zuri, bere jabeak bultzatuta, gero eta basatiagoa bihurtzen da. Beste txakur batzuk hiltzen ditu. Kastore Gris Yukon Gotorlekura doa salerosteko eta bertan whiskia ezagutzen du. Hortik aurrera Beauty Smith izeneko gizon maltzur bat da Letagin Zuriren jabea, eta beste txakur batzuekin borrokatzera behartzen du. Scott izeneko gizon batek Beauty Smithengandik salbatzen du Letagin Zuri.

Scottek txakurra zaindu eta berarekin eramaten du Kaliforniara. Bertan bere jabea eta haren familiarekin pozik bizi da. Gertuko kartzela batetik gaizkile batek ihes egiten duenean, Letagin Zurik Scotten aita salbatzen du gaizkilearengandik. Amaieran, jabearen Collie txakur batekin kumeak ditu eta zoriontsu biziko da.