Lisboa

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Lisboako hainbat irudi.

Lisboa Portugaleko hiriburua da. Ozeano Atlantikoaren ertzean dago, Tajo ibaiaren ahoan. Herrialdeko hiririk handiena da: 2015eko datuen arabera, 506.892 biztanle zituen, baina hiriaren inguruko metropoli eremuan ia hiru milioi lagun bizi ziren, 2011ko datuen arabera; hori oso kopuru handia da: izan ere, Portugaleko biztanleen laurdena ia bizi da Lisboako metropoli eremu horretan.

Portugaleko hiririk garrantzitsuena da merkataritzaren, industriaren eta kulturaren aldetik. Bertan dago herrialdeko porturik handiena, erakunde politiko nagusiak eta unibertsitate asko.

Lurrikara bat jasan zuen 1755ean, bai eta tsunami bat ere lurrikararen ondorioz, eta hiria ia erabat suntsituta geratu zen. Ustez, 10.000 biztanle baino gehiago hil ziren. Baina berriro eraiki eta ia-ia lehen bezala utzi zuten. Geroago, hiriak handitzen jarraitu zuen eta XX. mendeko 60ko hamarkadan 800.000 biztanle inguru izatera iritsi zen; hortik aurrera, ordea, biztanleria galtzen joan da.

Unescok gizateriaren ondare izendatutako bi monumentu aipagarri ditu Lisboak: Belém dorrea, itsasoko erasoetatik babesteko eraikia; eta Jeronimotarren monasterioa. Biak 1500 inguruan eraiki ziren, Vasco da Gama izeneko nabigatzaile eta esploratzaile portugaldarrak Indiara joateko itsas bidea deskubritu zuenean.