Vikidiatik

Ljubljana

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Hiriaren ikuspegi bat, Alpeak hondoan dituela.

Liubliana Europako erdialdeko hiri bat da, bai eta Eslovenia izeneko herrialdeko hiriburua eta hiririk handiena ere. 2016ko datuen arabera, 280.000 biztanle inguru ditu. Alpeen inguruan dago.

Hiri honetan kokatuta daude Esloveniako erakunde politiko nagusiak (gobernua eta legebiltzarra), enpresa eta kultur erakunde garrantzitsuenak. Industriak du pisurik handiena hiriko ekonomian, eta bereziki industria farmazeutiko (botikak eta sendagaiak ikertzen eta egiten dituena) indartsua du. Turismoa ere gero eta gehiago ari da zabaltzen hirian.

Bestalde, kulturak eta, bereziki, hezkuntzak ere garrantzi handia dute; hiriko unibertsitatea Europako handienetako bat da, eta ikasle asko ditu: 60.000 inguru. Horregatik, hiriko biztanleetako asko eta asko ikasleak dira. Hiriak museo eta antzoki asko ditu (2004an, 15 museo eta 11 antzoki zituen) eta lau orkestra. Zoo bat ere badu, 150 espezie baino gehiagorekin.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Duela 5.000 urte inguru, inguru honetan padurak edo zingirak zeuden, hau da, urez estalitako gune asko zeuden, eta badirudi zurezko habeen gainean eraikitako etxeak zeudela. Geroago, gure aroko I. mendean, erromatarrek soldaduentzako gotorleku bat eraiki zuten lurraldea kontrolatzeko, eta, denborarekin, Emona izeneko kolonia bat sortu zen bertan; hirian oraindik badaude garai hartako harresi batzuen hondakinak. Hiriak gaur egun duen izena askoz berandurago arte ez zen agertu testu idatzi batean: XII. mendean, alemanierazko "Laibach" izenarekin eta latinezko "Luwigana" izenarekin.

Historian zehar, hiria erresuma eta inperio askoren mende egon da: 1815ean, Austriaren barruan zegoen; Lehen Mundu Gerraren ondoren, "Serbiarren erresuman"; Bigarren Mundu Gerra bitartean, Italiaren mende egon zen; gerraren ondoren, Jugoslaviaren barruan. Azkenik, 1991n, Esloveniak independentzia lortu zuen eta Ljubljana estatu berriko hiriburua bihurtu zen.

Leku ikusgarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiriak leku interesgarri asko ditu turistentzat: hirialde zaharra bereziki zainduta dago, gaztelu bat du, zubi zahar asko, eta San Nikolas katedrala ere oso leku bisitatua da.