Lokomozio-aparatu

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Bizepsaren eta trizepsaren mugimendua, besoa flexionatzen denean.

Lokomozio-aparatua giza gorputzaren mugimenduak ahalbidetzen dituen aparatua da. Hezurrek, giharrek eta artikulazio edo giltzadurek osatzen dute. Giharren multzoak lokomozio-aparatuko sistema aktiboa osatzen du, giharrak direlako lokomozio-aparatuko sistema pasiboa −eskeletoa, alegia− mugiarazten duena.

Hezurrak organo zurrun eta gogorrak dira eta giltzaduren bidez daude elkarri lotuta. Giharrak, aldiz, organo elastikoak dira, hots, luzatu eta uzkurtu daitezke, hautsi gabe, eta hezurrei loturik daude tendoien bidez. Giharrak luzatzen edo uzkurtzen direnean, hezurrak mugiarazi egiten dituzte. Adibidez, besoko bizepsa uzkurtzen dugunean, besaurreko erradio izeneko hezurretik tira egiten dio tendoiaren bidez eta horrela lortzen dugu besaurrea mugitzea.