Ludwig van Beethoven

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Beethoven, 1820ko erretratu batean.

Ludwig van Beethoven Alemanian jaiotako musikagile, orkestra-zuzendari eta piano-jotzaile bat izan zen. Bonn hirian jaio zen, 1770eko abenduaren 16an eta Vienan hil zen, 1827ko martxoaren 26an. Bizitzan zehar lan asko konposatu zituen, bederatzi sinfonia barne.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso gazterik hasi zen musikara zaletzen, eta aitak berak irakatsi zion; oso dohain handiak zituen eta aitak ume prodigio bat bihurtu nahi izan zuen. Horrela, bere garaiko musikako pertsonaia garrantzitsuak ezagutu zituen.

Hamabi urte zituelarik argitaratu zuen bere lehen musika-lana, eta hamalau urterekin Koloniako printzearen gorteko organista bihurtu zen.

1787an, Vienara bidali zuten eta han Mozart ezagutu zuen. Hiri hartan hobetu zuen bere prestakuntza musikala, hainbat kontzertu eman eta ospe handia irabazi zuen berehala.

Gorra gelditzen hasi zen 26 urterekin eta 1815erako erabat gortuta zegoen, baina horrek ez zion galarazi musika egiten jarraitzea. Hala ere, nortasuna aldatzen joan zitzaion, apurka-apurka gizon bakarti eta izaera txarrekoa bihurtzen joan zen zahartu ahala. Horregatik, Beethovenek erdi gortuta zegoela edo bere musika eta beste inolako soinurik entzuteko gauza ez zela konposatu zituen bere lan gehienak.

Musika-lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pianorako sonata do minorrean, Opus 111

Gaur egungo Europar Batasunaren ereserki ofiziala, Beethovenek 1823an konposatu zuen 9. sinfoniako azken mugimenduan (Alaitasunari oda) oinarrituta dago.

Beethoven historiako konposatzailerik handienen artean dago. Piano hutserako 32 sonata konposatu zituen, hamar sonata biolinerako, bost sonata biolontxelorako pianoz lagunduta eta bost kontzertu piano eta orkestrarako.

Bederatzi sinfonia idatzi zituen. Bederatzigarrenean, giza ahotsa erabili zuen Federico Schilleren Alaitasunari Oda testuari musika jartzerakoan. Oso garrantzitsuak dira bere hamazazpi harizko laukoteak. Beethovenen sinfoniarik ospetsuena bosgarrena da.