Vikidiatik

Lurpeko ura

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Lurpeko uraren eskema.

Lurpeko ura lurrazalaren azpian dagoena da, harrien artean dauden zuloetan edo arrakaletan.

Euri edo elur asko egiten duenean ura lurpean zehar sartzen da eta bertan metatzen da; ur metaketa hauei akuifero deitzen zaie. Erreka edo laku batetik ere sar daiteke ura lurpera. Gero, lurraren eta harrien artean pasatzen da grabitatearen ondorioz, beherantz jarraitzea eragozten dion geruza bat aurkitu arte. Nagusiki ura akuiferoetan metatzen da harkaitz bat edo buztin geruza bat aurkitzen duenean, eta denbora luzez han pilatuta gera daiteke, ehunka eta milaka urtetan zehar ere.

Batzuetan, lurpeko ura ez da gelditzen eta jaisten jarraitzen du, beherago dagoen eremu batera heltzeko irteera bat aurkitu arte, iturri edo iturburu naturala deitzen dena, alegia. Horregatik, lurpeko ura oso garrantzitsua da eta izan da gizakientzat, edateko ura lortzeko eta jaten ditugun landareak eta barazkiak ureztatzeko garrantzitsua baita. Gizakia gai izan da ura aurkitzeko putzuak zulatuz, bereziki gainazalean urik ez zegoen lekuetan edota lehorteetan.

Bestalde, lurpeko ura edateko oso ona da, nagusiki ez delako hondakinekin edota mikroorganismoekin kutsatuta egoten; gainera, harriekin eta lurrarekin kontaktuan egotean gure osasunerako oso onuragarriak diren mineralak izan ohi ditu. Ur mineral bezala ezagutzen dugu. Hala eta guztiz ere, gaur egun, giza ekintzek lurpeko akuiferoak kutsatzen dituzte gure osasunaren kalterako.

Lurpeko haitzuloak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batzuetan, lurpean sartzen den urak lurpeko haitzuloak sortzen ditu. Urak lurzoru karetsuak aurkitzen dituenen gertatzen da hau; orduan, urak mineral hori disolbatzen du eta hutsuneak sortzen ditu. Hutsune hauek oso handiak direnean, lurpeko haitzuloak handik sor daitezke. Estatu Batuetanmunduko lurpeko haitzulorik handiena dago, behintzat aurkitu direnen artean. Carlsbad haitzuloa da, Mexiko Berriko estatuan dago. 24 eta 77 metro arteko altuera du eta 5 futbol zelai bezain handia da.