Mahatma Gandhi

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Mahatma Ghandi
Mahatma Ghandi
Gandhi, XX. mendeko 30eko hamarkadaren bukaera aldean.
Datu pertsonalak
Izen osoa Mohandas Karamchand Gandhi
Jaio 1869ko urriaren 02a
Porbandar (India)
Hil 1948ko urtarrilaren 30a (68 urte)
New Delhi (India)

Mohandas Karamchand Gandhi (Gujarat, 1869 - New Delhi, 1948) lider politiko eta espirituala, Indiaren independentziaren aldeko mugimenduaren sortzailea izan zen. Indarkeriarik gabe, denek batera egindako desobedientzia zibilaren aitzindaria eta teorikoa izan zen, eta mugimendu horrek eraman zuen India independentziara, eta askatasunaren eta mundu osoko eskubide zibilen aldeko mugimendu asko inspiratu zituen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gandhi familia jainista batean jaio zen, eta kezkarik gabe igaro zuen gaztaroa. 13 urtekin ezkondu zen, adin bereko neska batekin. Aita hil ondoren, Ingalaterrara joan zen, Zuzenbide-ikasketak egitera.

Ondoren, Hegoafrikan egin zuen lan, enpresa indiar baten ordezkari. Apartheid sistema ezagutu zuenean hasi zen politikaz interesatzen. Indiarren eskubide zibilen aldeko borrokari ekin zion, eta desobedientzia zibil baketsua erabili zuen lehenengo aldiz.

Indiara itzuli ondoren, Gandhik nekazari eta langile txiroak antolatu zituen, zerga itogarrien eta diskriminazio hedatuaren kontra protesta egiteko, eta, ondoren, britainiarrek sortutako lege zapaltzaileen kontra borrokatu zen. Indiako Kongresu Nazionaleko lider bilakatu zen, eta kanpaina nazional bat zuzendu zuen, txiroentzako laguntza, emakume indiarren askatasuna, erlijio edo etnia desberdinetakoen arteko senidetasuna, kasten diskriminazioaren kontra eta nazioaren buruaskitasunaren alde, baina, batez ere, India atzerritarren mendekotasunetik askatzearen alde.

Gandhik indiarrek gatza produzitzearen aldeko 300 kilometroko ibilaldia egin zuen 1930. urtean. Bera izan zen, bestalde, 1942an britainiarrei «Alde Indiatik!» deia egin ziena. Urte asko pasatu zituen Hegoafrikako eta Indiako kartzeletan.

Bere bizitzan zehar, Gandhi beti izan zen indarkeriarik ezaren eta egiaren aldekoa, baita egoerarik larrienetan ere. Filosofia indiarraren aldekoa zen, eta ermitau bat bezala bizi izan zen. Berak josten zuen bere arropa, eta barazki-jalea izan zen. Barau zorrotzak egiten zituen; egun asko ematen zituen jan eta edan gabe, bai bere burua arazteko, baina baita protesta egiteko ere.

Gandhiren bizitzan eta irakaskizunetan inspiratu ziren Martin Luther King, Steve Biko eta Aung San Suu Kyi (hurrenez hurren, Amerikako, Hegoafrikako eta Myanmar-eko askatasun zibilak lortzearen aldeko mugimenduen buruak).

Gandhi, Indian eta mundu zabalean, Mahatma Gandhi bezala da ezagun (sanskritoz महात्मा mahātmā: "arima handia daukana") eta Bapu bezala ("aita" Indiako hizkuntza askotan). Bere autobiografian, Gandhik adierazi zuen berak ez zuela merezi mahatma deitura. Gandhi ‘Nazioaren aita’ izendatu zuten, eta bere urtebetetze-eguna, urriak 2, 'Gandhi Jayanti' deitzen dena, jaiegun da Indian.