Mahoma

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Mahoma profeta XIV. mendeko liburu bateko irudiaren kopian.

Mahoma islamaren sortzailetzat hartzen da. Meka hirian jaio zen, 570. urtearen inguruan, eta Medinan hil zen 632. urtean. Gaur egun, bi hiriak Saudi Arabian daude.

Musulmanentzat, Mahoma profeta bat da; hau da, musulmanek uste dute Jainkoaren hitza ekarri ziola herriari, Abrahamek juduei edo Jesus Nazaretekoak kristauei ekarri zien bezala. Islamaren esaldirik garrantzitsuena honako hau da: «Allah nagusiena da eta Mahoma da bere profeta». Allah da arabieraz Jainkoa esateko hitza. Mundu islamikoan, Mahoma umeentzako izen hedatuena bihurtu da, baina Mohammed formarekin.

Nola sortu zuen erlijio islamikoa?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mahomaren arabera, 610. urtearen inguruan, aingeru bat agertu zitzaion Allahren hitzak ekartzeko. Mahomaren emaztea eta lagunetako batzuk izan ziren Mahomak esandakoa sinesten lehenak, baina denborak aurrera egin ahala, Mekan jarraitzaile ugari erakartzen hasi zen.

Emaztea hil zitzaionean, 619. urtean, Mahoma eta bere jarraitzaileek Mekatik ihes egin zuten Medina hirira joateko, Mekako buruzagiak kezkatzen hasiak zirelako haiengatik. 622. eta 623. urteen artean, Mahomak lortu zuen Arabiako tribu askok Islamean sinesten hastea, eta horrela, bera haien buruzagi politiko eta erlijiosoa bihurtu zen. Armada bat sortu zuen eta, 630. urtearen inguruan, Meka hiria konkistatu zuen. Bi urte geroago hil zen, ordea.

Haren heriotzaren ondoren, jarraitzaileek Mahomaren irakaspenak zabaltzen jarraitu zuten. Hasieran, ahoz aho irakasten zituzten, baina Mahoma hil eta urte batzuk geroago, irakaskuntzak eta Allahren hitzak liburu batean bildu zituzten; Koran izenez ezagutzen den liburua.

Korana musulmanen liburu sakratua da (Biblia den bezala kristau eta juduentzat), eta baita arabieraz idatzitako lehenengo liburua ere. Une hartatik aurrera, islama hedatuz joan zen, erresuma arabiar eta musulmanek lurraldeak konkistatu ahala. Gaur egun munduko erlijio zabalduenetako eta garrantzitsuenetako bat da, eta 1.600 milioi jarraitzaile baino gehiago ditu.