Maiak

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan

Maiak Erdialdeko Amerikako herri bat ziren, kultura indartsukoa. Herri maia bizirik dago gaur egun ere; sei milioi lagunek baino gehiagok dute beren burua maiatzat edo mintzatzen dira hizkuntza maia batean. Mexikoko hegoaldean, Belizen, Guatemalan, Hondurasen eta El Salvadorren bizi dira. Guatemalan, populazioaren erdia dira ia.

Maien lurraldea, gorriz mugatuta.

Zibilizazio maia bizirik zegoen Kristobal Kolon Amerikara iritsi zenean, baina ordurako apaldua zuen kultura maila handi hura. Espainiar konkistatzaileak iritsi eta gero, maia asko hil eta kultura eta hizkuntza maia asko desagertu ziren ondorengo mendeetan. XIX. mendera arte, ia inork ez zekien munduan zein garrantzitsua izan zen antzina zibilizazio maia.

Kultura maiaren aztarna zaharrenak duela lau mila urtekoak dira. Beraz, Egiptoko inperioaren eta piramideen garaikoak dira. Maiek ere eraiki zituzten harrizko piramide handiak.

Maiek ere hiri handiak zituzten. Askotan, hiri handi haiek gerrak egiten zituzten elkarren kontra. Dirudienez, horregatik ahuldu zen kultura maia, besteak beste. Baina ingurumena hondatu izanak ere izan zuen zerikusia horretan: populazio maia oso ugaria zen, eta lurralde txiki samarretan bizi behar zuen; artoa landatzen zuten, eta horrek lurra agortu eta antzutu egiten zuen.

Amerikan, maiak izan ziren idazkera zeukan zibilizazio bakarra. Idazkera hartako zeinuak egiptoarrek antzina erabiltzen zituzten hieroglifoen antzekoak ziren. Bestalde, maien arteko batzuk oso pertsona jakintsuak izatera iritsi ziren.