Vikidiatik

Maurice Ravel

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Fitxategi:Maurice Ravel au piano 1912.jpg
Maurice Ravel 1912ko argazki batean.

Maurice Ravel (1875-1937) Lapurdiko Ziburu herrian jaiotako musikagile eta piano-jotzaile bat izan zen. Musika klasikoa egin zuen, pianorako eta orkestrarako. Bolero izeneko musika-lana da haren lanik ezagunena, mundu osoan.

Bizitza eta lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aita ingeniari suitzar bat zen, eta ama euskalduna zuen. Ziburun jaio zen 1875eko martxoaren 7an, baina, urte bereko ekainean, familia osoa Parisera joan zen bizitzera. Sei urte zituelarik hasi zen pianoa ikasten, eta 1889an sartu zen Parisko kontserbatorioan; bertan, besteak beste, Gabriel Fauré izeneko konpositore ospetsua izan zuen irakasle. Erik Satie musikagile frantsesa ezagutu eta haren musikaren eragina izan zuen bere hasierako lanetan.

Piano-jotzaile ona zen arren, musika egitea zuen gustuko. Laster lortu zuen ospea bere Pavane pour une infante défunte (1889) lanarekin. Lan honetan, nabaria da haren irakasle Fauréren eta Erik Satieren itzala. Geroagoko lanetan, Debussyren eragina hasiko zen gehiago nabarmentzen, Schéhérazade (1903) lanean, adibidez. Baina, azkenik, bere estilo berezia aurkitu zuen, kutsu espainiar eta, bereziki, andaluziar handia duena. Horren adibide dira haren Rhapsodie espagnole (1907) eta Bolero, haren lanik ezagunena (1928). Lan honetan, lelo berbera errepikatzen da etengabe, haren erritmoa azkartuz eta gero eta instrumentu gehiago sartuz.

Orkestrarako 25 obra egin zituen, baita balleterako ere; adibidez, Daphnis et Chloé (1909-1912), Sergei Diagileven ballet errusiarraren konpainiako zuzendariak eskatuta. Obra honetan, orkestra-talde eta koru handiak hartzen dute parte. La Valse izeneko (1920) lana ere balleterako egina da, dantza vienatar honen omenez.

Ahots-musikaren esparrua ere landu zuen, eta, honetan, hainbat jatorritako herri-kanta ugari harmonizatu zituen; gainera, zenbait kanta-ziklo ere ondu zituen, haien artean Trois poèmes de Mallarmé (1913) eta Chansons madécasses (1922).

Opera pare bat ere ondu zituen: L'Heure espagnole (1907-11) eta L'Enfant et les Sortilèges (1919-25), azken hau Estatu Batuetako beltzen jazz musikaren ukitu nabariarekin.

Entzun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondoko taulatxoan, M. Ravelen Bolero ezaguna entzun dezakezu: {{Txikipedia entzun|audioa=Bolero-Maurice Ravel-Paris Orchestra-Charles Munch-1956.ogg]]