Minbizi

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Zelula minbizidunen time-lapse bat, mikroskopiotik ikusita.

Minbizia gorputzeko zelulei erasaten dien gaixotasun edo gaitz bat da. Zenbait motatakoa izan daiteke, eta mota guztiek dute gauza komun bat: gorputzeko zelulak normala ez den eran zatitzen eta ugaritzen direla, eta ez direla hiltzen hil behar luketenean, zelula normalak bezala.

Hain zuzen ere, zelula normalak ere zatitu eta ugaritu egiten dira gorputza biziberritzeko eta, esate baterako, zauriak sendatzeko. Baina minbiziaren zelulak bildu eta tumoreak eratzen dituzte; tumoreak ohi baino gehiago eta azkarrago hazten eta ugaritzen den zelula multzoak dira, hain zuzen. Tumore horiek inguruko zelula normalak suntsitu eta kalte egiten diete gorputzeko organo osasuntsuei. Gainera, minbiziaren zelula horiek (zelula tumoralak ere deitzen zaie) gorputz osoan zabaltzen dira, eta gorputzeko beste alde batzuetan jarraitzen dute hazten. Horri metastasi deitzen zaio. Hori gertatzen denean, pertsonak erabat gaixotzen dira.

Horregatik, minbizia gaixotasun “gaizto”tzat hartzen da, gaixoa hil dezakeelako. Baina, tumore gaiztoak diren bezala, badira tumore onberak ere: horiek ere hazi egiten dira, baina ez dituzte suntsitzen beste organo batzuk, eta ez dira hedatzen gorputzean barrena. Horregatik, errazagoa da tumore onbera bat sendatzea.

Odoleko zelulak ere, globulu zuriak alegia, kontrolik gabe haz daitezke, eta beren betekizuna bete gabe utzi. Odolean ugaritu eta odoleko beste zelula batzuei eragotzi egiten diete behar bezala funtzionatzea. Horri leuzemia deitzen zaio. Leuzemia mikroskopioari esker ikus daiteke odolean. Tumoreen kasuan, zelulak ebakuntza edo poerazio txiki baten bidez kentzen dira, eta ondoren sendagileak mikroskopioan aztertzen ditu.

Zer minbizi mota daude?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europan, lau lagunetik bat minbiziz hiltzen da. Ohikoena birikako minbizia da, eta erretzeko ohiturari zor zaio. Biriketako minbizitik babesteko modurik egokiena ez erretzea da.

Gizonezkoengan, oso ohikoa da prostatako minbizia ere. Prostata gizonezkoen sexu-organo bat da, eta gorputz barruan dago. Emakumeen artean, bigarren minbizirik ohikoena bularreko minbizia da. Gaixotasun horri aurre hartzeko, komeni da halako adin batetik gora, emakumeek bularren erradiografia berezi bat egitea. Erradiografia horri mamografia deritzo.

Hirugarren minbizirik ohikoena koloneko eta ondesteko minbizia da. Horri aurre hartzeko, komeni da adineko pertsonek heste lodiaren azterketa egitea aldian behin.

Minbiziak adineko pertsonei erasaten die gehienetan. Haurrek oso gutxitan izaten dute minbizia, baina minbiziz gaixotzen direnean, gehienetan sendatu ahal izaten dira; dena den, badira minbiziz hiltzen diren haurrak ere.

Zer egin daiteke minbiziaren aurrean?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenik eta behin, neurriak hartu. Erretzen ez dutenek askoz aukera gutxiago dute biriketako minbizia izateko. Beste minbizi mota batzuetatik ere begiratu edo zaindu beharra dago. Gai kimikoekin lan eginez gero, batzuetan arnasbideak babestu behar dira, edo, hobeto, babes-jantzi osoa erabili. Gure zentral nuklearretako erradiazioak ere minbizia eragiten du. Kontu berezia izan behar da zentral nuklear batean istripua gertatuz gero.

Oso garrantzitsua da zeure burua eguzki-erradiaziotik babestea ere. Eguzkiak askotan erretzen bazaitu, beste pertsona batzuek baino errazago izango duzu larruazaleko minbizia. Badira minbizia eragiten duten edo minbizitik babesten omen gaituzten elikagaiak ere, baina oraingoz ez dakigu gauza handirik horretaz.

Minbiziaz arduratzen diren sendagileei onkologo deitzen zaie. Gaixotasuna zenbait modutan trata daiteke. Ebakuntza batez, tumorea erauzi edo ken daiteke. Kimioterapia izeneko tratamendua ere erabiltzen da zelula gaiztoak suntsitzeko. Kimioterapia hartzen duten pertsonek ilea galtzen dute, baina gero berriro hazten zaie. Tratamenduak gaixotasun motaren araberakoak izaten dira. Posible da zenbait tratamendu mota konbinatzea ere.

Minbizia oso gaixotasun larria da batzuetan, baina ez beti. Zer zelula hasi diren hedatzen, horren araberakoa da larritasuna. Nolanahi ere, minbizia ez da kutsagarria, eta gero eta gaixo gehiagok lortzen dute minbizitik sendatzea.