Vikidiatik

Minsk

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Hiriko leku ikusgarri batzuk.

Minsk ekialdeko Europako hiri bat da, bai eta Bielorrusia izeneko herrialdeko hiriburua eta hiririk handiena ere. 2018ko datuen arabera, ia 2 milioi biztanle ditu.

Bielorrusiako erdialdean dago, Svislatx ibaiaren ondoan (Dnieper ibaiaren arroan). Klima kontinentala du, hezea uda aldean, eta hotza neguan.

Herrialdeko hiriburu ekonomikoa ere bada; Bielorrusiako industria eta zerbitzu sektoreen zatirik handiena hiri honetan dago. Garrantzi handia dute petrolioaren eta gasaren industriak, nekazaritzarako traktoreak egiten dituzten enpresek eta autogintzak ere.

Historia apur bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez da jakiten hiria noiz sortu zen. X. mende inguruan, lurralde hauek jatorri bikingoko printze batenak ziren; baina hiriaren izena XI. mendean agertu zen lehen aldiz idatzitako dokumentu batean. Geroago, denbora luzez, hiria Polonia-Lituaniako Inperiokoa izan zen, 1569. urtean bi herrialde horiek sortu zuten erresumakoa, alegia. Biztanle gehienak poloniarrak ziren, eta asko juduak ziren.

Errusiak bereganatu zuen, inguruko lurraldearekin batera, XVIII. mendearen bukaeran, Bielorrusiak independentzia eskuratu zuen arte, 1991n. Lehenago, 1919tik 1991ra bitartean, Bielorrusiako Sobietar Errepublika Sozialistako hiriburua izan zen; eta, urte horretatik aurrera, Bielorrusiako estatu berriko hiriburua.

Bai Lehen Mundu Gerran eta baita Bigarrenean ere, alemaniarrek konkistatu zuten; bigarrenean, gainera, ia hiri osoa geratu zen txikituta. Berriz eraiki zuten, gerra ostean, ia hiri berri bat sortuz, kale zuzen eta paraleloekin et hiribide zabalekin. Eraikin gutxi berreraiki ziren gerra aurretik ziren bezala, udaletxea, adibidez.

Leku ikusgarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espiritu Santuaren katedrala XVII. mendean eraikitakoa da, estilo barrokoarekin. Kulturak ere garrantzi handia du hirian: hamasei museo ditu, bai eta hamaika antzoki ere; haien artean garrantzitsuena Bielorrusiako Opera eta Balletaren Antzoki Nazionala da. Gainera, Bielorrusiako Liburutegi Nazionalaren egoitza da.

Bestalde, eliza katoliko eta ortodoxo ugari ditu.