Vikidiatik

Musika-nota

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Nota-irudien balio erlatiboa.

Musika-notak musika-soinuak adierazten dituzten zeinu edo ikurrak dira. Zazpi dira:

  • Do
  • Re
  • Mi
  • Fa
  • Sol
  • La
  • Si

Segida horri alfabeto musikala deitzen zaio eta pentagrama delakoan irudikatzen da. Pentagraman, nota-irudiak soinuaren altuerari dagokion posizio batean kokatzen dira (lerro baten gainean edo lerro-tarte batean). Altuera horrek soinu bakoitza zeinen altua edo baxua den adierazten du. Soinua bibrazio edo uhinez osatuta dago; uhin horiek halako abiadura, frekuentzia edo maiztasun batez bibratzen dute, eta soinuen altuera bibrazio horien maiztasunaren arabera aldatzen da: zenbat eta maiztasun azkarragoa izan, orduan eta altuagoa da soinua, eta, beraz, nota.

Zortzidun bakoitzean izen berbera duten notek maiztasun desberdina dute; zehazki, goragoko oktaba edo zortziduneko nota baten maiztasuna beheko oktabako notarena baino bi aldiz handiagoa da.

Nola kokatzen dira notak pentagraman?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jakin nahi badugu pentagramako zein lekutan jarri behar den nota bat, pentagraman dagoen klabeari begiratu behar diogu. Klabeak musikaren altuera edo tonua adierazten duen ikur bat da, pentagramaren ezkerraldean dagoena. Normalean sol klabea erabiltzen da (goiko irudian dagoena, hain zuzen): klabe honek aditzera ematen du sol nota behetik hasita bigarren lerroaren gainean dagoela. Nota horretatik abiatzen gara gainontzeko notak beren tokian jartzeko.

Notak segidatan errepikatzen dira: hau da, sol klabean, si nota behetik hasita hirugarren lerroaren gainean jartzen da; horren gainean, berriro do nota hasten da, eta gero besteak. Goragoko segida hori oktaba edo zortzidun bat gorago dagoela esaten da. Bigarren segidako nota horiek altuera handiagoa dute eta, beraz, soinu zorrotzagoa. Aldiz, behetik hasita bigarren lerroko do notaren azpitik dauden beste soinuak zortzidun bat beherago daude, maiztasun txikiagoa dute eta soinu baxuago edo lodiagoak dira.

Nota-irudi desberdinak daude?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Notak irudi desberdinen bidez errepresentatzen dira; irudi bakoitzak notaren balio edo iraupena adierazten du. Zazpi nota-irudi daude:

  • Biribila
  • Zuria
  • Beltza
  • Kortxea
  • Erdikortxea
  • Fusa
  • Erdifusa

Beltza izaten da erreferentziazko irudia, denbora bat balio baitu; zuriak bi denbora balioa ditu, eta biribilak lau. Kortxearen balioa, aldiz, beltzaren erdia (½) da; erdikortxeak laurdena (¼) balio du, fusak zortzirena () eta 16 erdifusak beltz baten balioa dute.

Zer dira isiluneak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Isiluneak ere adierazten dira pentagrametan. Isiluneak soinurik gabeko uneak adierazteko erabiltzen diren ikurrak dira. Isiluneak adierazten dituzten ikurren balioa nota-irudien balio berbera da (nota-balio bakoitzari balio bereko isilunea dagokio); adibidez, beltzaren isiluneak denbora bat irauten du; biribilaren isiluneak, lau denbora; eta erdikortxearenak denbora erdia.