Nekazaritza

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Antzinako Egiptoko nekazari bat lurra goldatzen.

Nekazaritza edo laborantza lurra lantzeko jarduera da, landareak edo zuhaitzak hazi eta bertatik gizaki zein abereentzako elikagaiak (fruituak, barazkiak, zerealak) ekoizteko egiten dena.

Nekazaritzaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herri primitiboek basa-zerealak batzen ikasi zuten hasieran. Gero, ale batzuk gordetzen hasi ziren, hurrengo urtean ereiteko. Ezin da jakin hori noiz gertatu zen, baina zalantzarik gabe duela milaka urte izan zen. Ikerlari batzuek arabera, azken izozte edo glaziazioa amaitu zenean eta tenperaturak mundu osoan aldatu zirenean hasiko zen nekazaritza. Lehen nekazaritza-jarduera, seguru aski, K.a. 10 000 urte inguruan hasiko ziren, Asiako hegoekialdean, artatxikiaren eta arrozaren ereintzarekin. Anatolia edo Asia Txikia delakoan (gaur egungo Turkia aldean), basa-zerealak landatzen ziren K.a. 9 500 urte inguruan. Dakigunez, Ekialde Hurbilean ere nekazaritza primitibo bat bazegoen Antzinako Egiptotik hasi eta Mediterraneoko ekialderaino eta Mesopotamiako lurretaraino ("Ilgora Emankorra" deitzen den lur eremuan), hau da, gaur egungo Egipto, Israel, Libano, Turkia, Siria, Jordania eta Irak herrialdeetan. Garai haietan, batez ere garia eta garagarra izan ziren landatzen ziren landareak, basa-landareak batzea baino aukera gehiago eskaintzen zuelako elikagaiak lortzeko.

Nekazaritzarekin batera, K.a. 8 000 urte ingururako, ardia eta behia etxekotuta zeuden eta abeltzaintza ere hasi zen. Nekazaritzaren eskutik, K.a. 8 000 urte inguruan, lehen herrixkak eta hiriak sortu ziren Mesopotamia aldean.

Europara, aldiz, beranduago iritsi zen nekazaritza, K.a. 6 000 urte inguruan, itxura denez.

Nilo ibaiaren deltan, Egipton, gariaren eta lihoaren landaketak (lihoa ehunak eta oihalak egiteko erabiltzen zen) egipziar zibilizazioa eragin zuen.

K.a. 4 000 urte inguruan, Txinan, artatxikian eta arrozean oinarritutako nekazaritza hasi zen, Yang-shao izeneko kulturaren barruan.

Nekazaritzaren eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekazaritzaren garapenak errotik aldatu zuen gizakien bizimodua ere. Jendea leku berean bizitzen hasi zen, nomadismoa alde batera utziz, eta, horrela, gero eta herri handiagoak sortzen hasi ziren, Asiako mendebaldean bereziki, eta biztanleriaren hazkundea ere gertatu zen poliki. Gainera, behar baino elikagai gehiago eskura zitezkeenez (ehizarekin ez bezala), zenbait pertsona jarduera berezietan espezializatu ahal izan ziren: artisauak, artistak, eraikitzaileak edo administratzaileak; izan ere, ez zen beharrezkoa mundu guztia nekazaritzan edo ehizean aritzea, janaria lortzeko. Hurrengo pausoa merkataritza izan zen, alegia janari-soberakinak erabiltzea beste produktu batzuk eskuratzeko, salerosketaren edo trukearen bidez. Bestalde, soberakin horiek ezaldietarako (janari gutxiago eskura zitekeen garaietarako) gorde zitezkeen, eta horri esker populazioak egonkortu ahal izan ziren..

Nekazaritzak jabetzak pilatzeko aukera eman zien pertsona batzuei, eta hortik etorri zen gobernuak eta legeak izateko beharra. Lanaren banaketa eta gizarte-klase desberdinen agerraldia ere eragin zuen. Bestalde, populazio egonkortuen aberastasunak beste herri batzuk bultzatu zituen erasotzera, eta horri erantzuteko sortu ziren lehen armadak.