Orkestra-zuzendari

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan

Orkestra-zuzendaria orkestrako musika-jole guztiak koordinatzen dituen pertsona da. Agertokian, orkestraren aurrean jartzen da, askotan atril baten ondoan, musika-joleei begira eta ikusleei bizkarra emanda, eta batuta izeneko makiltxoa izaten du eskuan, baina ez beti. Partiturak izan ohi ditu eta musika-joleei elkarrekin behar bezala jotzen laguntzen die, markatzen die noiz jo indar handiagoz edo gutxiagoz, noiz hasi jotzen momentu bakoitzean, zer erritmorekin. Orkestrak kontzertua eman baino lehenago egiten dituen entsaioak ere prestatzen eta zuzentzen ditu.

Herbet Von Karajan orkestra-zuzendaria.

XVII. eta XVIII. mendeetan, konpositorea bera, biolinjole nagusia edota klabizenbaloa jotzen zuena izaten ziren musikaren denbora markatzen zutenak. Adibidez, Haydn eta Mozartek pianotik bertatik zuzentzen omen zituzten sinfoniak. Haien bidez hasi zen zuzendariaren zeregina garrantzia hartzen, eta pixkanaka zuzendaria musikajoleengandik bereizten hasi zen.

Musikaren erritmoa markatzeko, zuzendariak paper biribilkatuak edo makilak hasi ziren erabiltzen, gaur egungo batuta baino lehenago. Jean-Baptiste Lully izeneko konpositorea horrelako makila batekin hartutako kolpe baten ondorioz hil zen; izan ere, 1687an, kontzertu bat zuzentzen ari zen bitartean, makila luze bat lurraren kontra joz ari zen markatzen musikaren erritmoa, garai hartan egiten zen bezala; eta, halako batean, bere oina jo zuen, eta hortik infekzio txar bat izan zuen; oineko zauria gangrenatu egin zitzaion eta oina moztea gomendatu zioten medikuei ez zien kasurik egin nahi izan; handik gutxira hil zen, infekzio horren eraginez.