Orkestra sinfonikoa

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan

Orkestra sinfonikoa musika-tresnen jotzaileez osaturiko talde handia da. Hari, perkusio, haize eta metalezko musika-tresnak jo ohi dituzte musikariek; tinbre desberdinekoak, beraz. Dena den, musika-tresna gehienak hari-instrumentuak izaten dira. Zuzendari baten agindupean aritzen dira: hark koordinatzen ditu orkestrako musikari guztiak. Normalean, musika klasikoa jotzen dute orkestrek.

Denboran zehar, orkestraren osaera aldatuz joan da. Gaur egun, orkestrek 80-100 musikari inguru izaten dituzte, baina XVII. eta XVIII. mendeetan oso gutxitan izaten zituzten 30 jotzaile baino gehiago. Kopuru hori XIX. mendetik aurrera joan zen handitzen.

Giza ahotsa ere topa daiteke orkestren saioetan, abesbatza eta orfeoien bidez. Giza ahotsa orkestra batekin batera aritzen denean, agertokiaren atzealdean kokatu ohi da, eta musika-tresnak baino zertxobait gorago.

Orkestra hitza grezieratik dator: hitz horrek, hasieran, Grezia zaharreko antzokietan korua jarri ohi zen zirkuluerdi itxurako lekua adierazten zuen, baina, denborarekin, musikarien taldea bera izendatzeko hasi ziren erabiltzen.

Orkestra sinfonikoei orkestra filarmoniko ere deitzen zaie.