Otomandar Inperioa

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Otomandar Inperioaren hedadura 17. mendean.

Otomandar Inperioak Ekialde Hurbilaren eta Europako ekialdearen zati handi bat menderatu zuen ia 600 urtez. Sortu, 1299an sortu zen, eta 1923an amaitu zen. Haren ordez, gaur egungo Turkia izeneko herrialdea sortu zen.

Nola sortu eta zabaldu zen?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turkiako Anatolia eskualdeko tribuen buruzagi batek, Osman I.a izenekoak, sortu zuen Otomandar Inperioa; Anatoliako lur asko menderatzen hasi zen, eta, bere agintepean, herri konkistatuetako jendeari askatasuna eman zion haien erlijioarekin jarraitzeko.

Inperioa gehiago zabaldu zen ondorengo 150 urteetan. Garai hartan, 15. mendean, Bizantziar Inperioa (Ekialdeko Erromatar Inperioa) zen munduko inperiorik indartsuena. Bada, 1453. urtean, otomandarrek Konstantinopla konkistatu zuten, Bizantziar Inperioko hiriburua. Mehmed II.a Konkistatzailea zen haien sultana (erregea). Sultan horrek bere inperioko hiriburu izendatu zuen Konstantinopla, baina izena aldatu zion eta, geroztik, hiria Istanbul deitzen da. Handik aurrera, hainbat mende luzez, Otomandarren Inperioa izan zen mundu osoko inperiorik zabal eta indartsuenetako bat.

Nolako eragina izan zuen Europan?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konstantinopla konkistatua izan zenean, han bizi ziren pertsona ugari, artista eta jakintsu ugari haien artean, Italiarantz atera ziren ihesi. Hori oso lagungarria izan zen Europan Errenazimentu edo Pizkundearen hasiera bultzatzeko.

Gainera, Europako nazioek bide berriak bilatu behar izan zituzten Asiarekin eta Ekialdearekin egiten zuten merkataritzarako; izan ere, Europa kristaua zen eta Otomandarren Inperioa, berriz, musulmana, eta elkarren etsaiak ziren. Horregatik, europar merkatariak ez ziren ausartzen inperio horretako lurretatik sartzen.

Horren ondorioz, europarrek itsasoz ekin zioten merkataritza-bide berriak aurkitzeari, eta horren eraginez hasi zen Esplorazioen Garaia deitzen dena; horren ondorioetako bat, Amerikaren aurkikuntza izan zen.

Suleiman Bikaina sultana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suleiman Bikaina sultana.

Suleiman Bikaina sultanaren garaian jo zuen inperio honek goia, orduan izan zuen bere unerik onena. Sultan honek 1520 eta 1566 bitartean agindu zuen, eta bitarte horretan haren inperioa Europa barruraino ere zabaldu zen: Grezia, Hungaria eta Balkanak konkistatu zituen, eta Austriako Viena hiriaren ateetaraino iritsi zen 1529an, baina ezin izan zuen menderatu.

Nola bukatu zen Otomandarren Inperioa?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inperioare gainbehera XVII. mendean hasi zen. Zabaltzeari utzi zion eta Europaren eta Indiaren indar ekonomiko gero eta handiagoarekin topo egin zuen. Gainera, barruko ustelkeriak eta buruzagi gero eta kaskarragoek asko ahuldu zuten inperioa. Pixkanaka lurraldeak, botere militarra eta aberastasuna galduz joan zen; bestetik, inguruetan, beste inperio batzuk indarra hartzen hasi ziren, Austriar Inperioa eta Errusiar Inperioa, bereziki. Gainera, matxinadak egon ziren inperioko agintarien aurka, independentzia lortzeko, hainbat lekutan: Balkanetan, Egipton, Tunisian, Palestinan, Armenian, etab.

Azkenik, 20. mendean, Lehen Mundu Gerran ere parte hartu zuten, eta galtzaileak izan ziren. Horren ondorioz, 1918an Otomandar Inperioa bertan behera geratu zen eta haren lurraldeak hainbat herrialderen artean banatuta geratu ziren. Inperioaren bukaera izan zen. Haren lekuan, Turkia izeneko errepublika berria jaio zen 1923an.