Paralelo

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Munduko mapa, paralelo garrantzitsuenekin. Goitik behera: Zirkulu polar artikoa, Kantzer tropikoa, Ekuatorea, Kaprikornio tropikoa eta Zirkulu polar antartikoa.

Paraleloak Lurra horizontalki inguratzen duten irudizko lerro zirkular batzuk dira. Koordenatu geografikoetan erabiltzen dira, leku baten latitudea zehazteko; hau da, ekuatoretik zein distantziatara dagoen adierazteko. Distantzia hori gradutan neurtzen da: 0° daude ekuatorean eta 90° poloetan. Hego latitudea eta ipar latitudea bereizten dira: halako puntu bat ekuatoretik behera badago, hego hemisferioan, alegia, orduan hego latitudea izango du; eta ekuatoretik iparraldera baldin badago, ipar latitudea.

Paralelo handiena lurra bi hemisferiotan banatzen duena da: paralelo hori Ekuatorea da. Poloetatik zenbat eta hurbilago egon, orduan eta txikiagoak dira. Badira beste paralelo batzuk, izen berezia dutenak: Kantzer tropikoa, Kaprikornio tropikoa, Zirkulu polar artikoa eta Zirkulu polar antartikoa.