Pizza

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Pizza margarita

Pizza Italian jaiotako janari bat da. Irina, gatza, ura eta olioarekin egiten den oinarria du. Oinarri horri "orea" deitzen zaio. Haren gainean tomatea jarri ohi da, baina ez beti. Tomatearen gainean beste osagai guztiak eta amaieran gazta jartzen da normalean. Ondoren, labean edo mikrouhin-labean berotzen da.

Bere jatorrian, pizza ogi zapal bat besterik ez zen, gehienez ere belar usaintsuekin prestatzen zena. Horrelako janaria, itxura denez, aspaldiko etruriarrek jaten zuten jada, Italia erdialdian, bai eta erromatarrek ere. Tomatea XVI. mendera arte ez zen ezagutzen Europan; badirudi duela bi edo hiru mende hasi zirela erabiltzen pizzetan, tomatea leku gehientsuenetara zabaldu zenean.

Pizza Italian sortua bada ere, gaur egun mundu osoan ezagutzen eta jaten da; baina hori ere duela nahiko denbora gutxira arte ez zen horrela: Estatu Batuetara joandako migratzaileek zabaldu zuten han, bai eta Europako herrialde gehienetara ere.

Wikibar.png
Blank user.svg BA AL ZENEKIEN?

Pizza margarita delakoaren jatorriaz, esaten da Italiako Margherita izeneko erregina baten omenez eman zitzaiola izen hori. Kondairak dioenez, XIX. mende bukaeran, Italiako errege-erreginek janari berezi bat eskatu omen zioten sukaldari bati; sukaldariak pizza bat egin zien Italiako banderaren koloreekin: albaka berdea, mozzarella zuria eta tomate gorria. Dena den, badirudi ez dela egia, kondaira hutsa baizik.