Vikidiatik

Polonia

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Poloniaren kokapena, Europar Batasunaren barruan.
Poloniako bandera.

Polonia Europako ekialdeko herrialde bat da. Hiriburua Varsovia da. 2017an, 38 milioi biztanle baino gehiago zituen. Hizkuntza poloniera da eta erlijio hedatuena katolizismoa.

Historian zehar, Poloniako mugak asko aldatu dira, eta, tarte batez, herrialde burujabea izateari ere utzi zion. Gaur egun, Alemaniatik ekialdera dago, eta, gainera, Txekiar Errepublika, Eslovakia, Ukraina, Bielorrusia, Lituania eta Errusiarekin du muga, eta iparraldean, Itsaso Baltikoarekin.


Geografia eta klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrialdea gehienbat laua da, iparraldea batez ere; aldiz, hegoaldea menditsuagoa da. Eslovakiako mugan dauden Tatrak izeneko mendiek osatzen dute mendilerro garaiena. Poloniako ibai garrantzitsuenak Vistula eta Oder dira. Biak Itsaso Baltikoraino iristen dira.

Klimari begiratzen badiogu, uda epela da Polonian, eta neguan, berriz, hotza eta elurra egiten du. Hau da, Ozeano Atlantikotik urrun dagoenez, klima kontinentala du.


Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrialde honetan, nekazaritzak garrantzi handia du oraindik. Laborantza ohikoenak patata, garia eta azukre-erremolatxa dira; abeltzaintzan, berriz, txerri-azienda oso garrantzitsua da.

Hala ere, industria, meatzaritza eta turismoa azkar ari dira indarra irabazten, nekazaritzak eta abeltzaintzak indarra galtzen duten bitartean.


Historia apur bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Idatziz gorde den Poloniako historia 900. urtean hasten da. Momentu hartan, Piast familia edo dinastiak lurralde haietan boterea lortu zuen eta XIV. mendera arte mantendu zuen. Herrialdea handituz joan zen, eta gaur egun Lituaniarenak, Hungariarenak eta Txekiar Errepublikarenak diren lurraldeetara iritsi zen.

Gerra askotan sartuta egon zen Suedia, Errusia eta Turkiarekin. XVIII. mendean Errusiak, Prusiak eta Austriak herrialdea elkarbanatu zuten eta Poloniak 100 urtez independentzia galdu zuen. Baina, Lehen Mundu Gerraren ondoren, hiru herrialdeak asko ahuldu ziren eta 1918an Poloniak burujabetasuna berreskuratu zuen.

Hala ere, Sobietar Batasunak (Errusia) eta Alemaniak beretzat jotzen zituzten Poloniako zati batzuk berreskuratzen jarraitu nahi izan zuten. Horregatik, 1939an, isilpeko hitzarmen bat egin zuten bien artean Polonia banatzeko.

1939ko irailean, Alemania naziak Poloniako ekialdea inbaditu zuen eta hori izan zen Bigarren Mundu Gerra piztu zuen gertakaria. Sobietarrek ekialdea inbaditu zuten, baina 1941ean alemanek herrialde osoa okupatu zuten.

Bigarren Mundu Gerra bitartean, Varsovia, Poloniako hiriburua, suntsituta geratu zen, ia herrialde osoa bezala. Gainera, naziek 3 milioi poloniar judu baino gehiago erail zituzten. Herri juduaren aurkako Holokaustoa izenez ezagutzen da sarraski hori.

1945ean, errusiarrek Alemaniako armada kanporatu zuten, baina Poloniak ez zuen independentzia galdu. Hala ere, sobietarrek haien aldeko gobernu komunista ezarri zuten, 1989ra arte. Urte horretan, hainbat herri-matxinada gertatu ondoren, herrialdea libre eta demokratikoa izatera iritsi zen. Ondoren, 2004an, Polonia Europar Batasunean sartu zen.


Irudi batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]