Vikidiatik

Protestantismo

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Protestantismoa erlijio nagusia non den Europan.

Protestantismoa kristautasunaren bigarren adar handiena da; munduan 500 milioi jarraitzaile inguru ditu. Lehenengo eliza protestanteak erromatar katolizismotik banatu ziren, kristautasunaren adar handienetik, alegia.

Fede erlijioso hori hainbat azpiadarretan banatuta dago. Sinesmen desberdinak dituzte, baina gauza batean datoz bat protestante guztiak: erromatar katolizismoa eta Aita Santuaren boterea ez dutela onartzen. Sinesmenak Biblia kristauan oinarritzen dira. Gehienek uste dute zerura iristeko bakarrik Jainkoarengan fedea izatea dela beharrezkoa, ez ekintza hau edo bestea egitea. Uste dute fededun orok heda dezaketela Jainkoaren ikasbidea, ez apaizek bakarrik.

Eliza protestante gehienek mezak edo elizkizunak igandeetan ospatzen dituzte. Protestanteek katoliko erromatarren bi sakramentu edo erritu bakarrik egiten dituzte: bataioa eta jaunartzea.

Noiz sortu zen?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVI. mendean, katoliko batzuk Elizarekin ados ez egoten hasi ziren. Hasieran, Elizaren zati batzuk aldatu edo erreformatu nahi zituzten bakarrik. Mugimendu hori Erreforma izenez ezagutu zen. Baina katolizismo erromatarraren buruzagiak aldaketa horien kontra zeuden. Laster, pertsona batzuk banatu egin ziren, eliza berriak sortzeko. Eliza berrien kideak protestante izenez ezagutzen ziren. Sortu ziren lehenengo elizak honako hauek izan ziren: eliza luteranoa, Ingalaterrako Eliza eta eliza presbiteriano edo erreformatuak.

Katolikoak eta protestanteak gerrak egin zituzten erlijio kontuengatik XVI. eta XVII. mendeetan. Hala ere, protestantismoa mantendu eta Europako lurralde askotan eta haien kolonietan zabaldu zen.

XVII. eta XVIII. mendeetan, protestante batzuek protestantismoa oraindik katolizismo erromatarretik oso hurbil zegoela uste zuten. Horietako batzuek talde protestante berriak sortu zituzten; adibidez, kongregazionalistak, bataiatzaileak, kuakeroak eta metodistak.

XIX. mendean, misiolariek Ameriketan, Afrikan, Asian eta Ozeanian zabaldu zuten protestantismoa. XIX. eta XX. mendeetan, eliza protestante berriak sortzen jarraitu zuten. Bitartean, XX. mendetik aurrera, protestante batzuk kristau guztiekin batasuna lortzeko ere hasi ziren lanean.