Richard Wagner

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Richard Wagner konpositorearen erretratua.

Richard Wagner (Leipzig, 1813ko maiatzaren 22a - Venezia, 1883ko otsailaren 13a) opera konpositore alemaniar bat izan zen.

Alemaniako konpositore garrantzitsuenetako bat izan zen Erromantizismo garaian. Ikasle zebilenean idatzitako musikaz gain, gaur egun ere mundu osoko opera-etxeetan sarri antzezten diren hamar opera idatzi zituen.

Haren obra gehienak germaniar mitologiari buruzko istorioak dira, eta hark idatzitakoak dira guztiak. Wagnerri esker, jendeak operari buruz zuen iritzia aldatu zuen. Dramak (tentsioz jositako istorioak) garrantzi handia zuen Wagnerren iritziz, eta berak aukeratzen zituen abeslariak bere nahietara egokitu zitezen. XVIII. mendeko operetan ez bezala, bere operetako musikak ez zion publikoari txalotzeko aukera ematen solo garrantzitsuen ondoren, musikak ekitaldi osoan jarraitzen baitzuen. Wagnerren musikak istorio bat kontatzea lortzen zuen leitmotiv delakoaren bidez, hau da, pertsonaia edo ideia jakin batzuei zegokien melodia edo esaldi musikatu laburren bidez.

Wagnerrek inork baino eragin handiagoa izan zuen bere garaiko konpositoreengan, gehienbat harmoniengatik, zeinak geroz eta kromatikoagoak bihurtu ziren (sostenitu eta bemol asko darabiltenak), tonua sarritan aldatzen baitzuen. Berak diseinatutako opera-etxe bat eraikiarazi zuen Alemaniako Bayreuth herrian. Europako musikari gehienak Bayreuthera bidaiatzen saiatu ziren Wagnerren musika entzuteko. “Wagner jaialdia” bertan ospatzen da urtero.