Vikidiatik

Roald Dahl

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Roald Dahl idazlea 1982. urtean.

Roald Dahl idazle britaniar bat izan zen, haurrentzako eta helduentzako ipuin eta nobelak idatzi zituena. Munduko haur-literatura idazlerik ezagunenetarikoa da. Haren istorioak abentura dibertigarriz beterik daude, haurrei liburuak maitatzen ikasteko. Haren liburu asko munduan ezagunak dira, eta haren istorio batzuetan oinarritutako pelikula oso ospetsuak egin dira; besteak beste, The Gremlins, Charlie eta txokolate-lantegia, edo Matilda. Haren obrak hogeita hamar hizkuntza baino gehiagotara itzuli dira, euskara barne.

Bizitza eta obrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galesen jaio zen (Erresuma Batua) 1916 urtean. Gurasoak jatorriz Norvegia ziren. Haurtzaro oso latza izan zuen, denbora laburrean arreba eta aita galdu baitzituen, hiru urte baino ez zituenean.

Ingalaterra hezi zen eta beranduago, 20 urte zituenean, Afrika joan zen petrolio-enpresa batean lan egitera. Bigarren Mundu Gerran parte hartu zuen RAFeko (Errege Aire Armada) piloto gisa. Aire-istripu baten ostean idazten hasi zen; argitaratu zuen lehen istorioan, hegazkin-istripu hori kontatzen zuen, hain zuzen.

1943. urtean, haurrentzako lehen liburua argitaratu zuen, The Gremlins. Gremlins izeneko pertsonaia horiek hegazkinak lur joarazten duten izaki mitikoak dira.

1950eko hamarkadan, Dahlek helduentzako hainbat liburu idatzi zituen. Aita bilakatu zenean, bere haurrentzako ipuinak asmatzen hasi zen lotara joaterako orduan. 1961. urtean, James and the Giant Peach argitaratu zuen. 1964. urtean, Charlie and the Chocolate Factory liburuak jarraitu zion; ipuin honek haur txiro bat du protagonista, gozoki-fabrika bat bisitatzen duena eta, horregatik, haren bizitza osoarik aldatzen zaiona. Hurrengo haur-liburuak honako hauek izan ziren: Danny, the Champion of the World (1975), The BFG (1982), eta Matilda (1988).

Helduentzako nobelak eta ipuinak ere idatzi zituen, haietako batzuk oso famatuak.

Oxforden hil zen, Ingalaterran, 1990 urtean.

Haur- eta gazte-literatura obrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dahlen haur-lanak normalean umeen ikuspuntutik kontaturik daude; umeak gorrotatzen eta txarto tratatzen dituzten pertsonaia heldu gaiztoak agertu ohi dira, eta gutxienez gaiztoei aurre egiten dien beste heldu bat ere agertzen da. Normalean umore beltz asko eta eszenario groteskoak agertzen dira. The witches (euskaraz, Sorginak izenburuarekin argitaratu zuen Erein argitaletxeak 1998an, Joan Mari Irigoienek euskaratuta) eta Matilda (euskaraz, Zubia Editorialak argitaratu zuen 2006an, Agurtzane Ortiz de Landaluzek euskaratuta) adibide argiak dira. The BFG ipuinak eredu hau forma analogikoagoan jarraitzen du, erraldoiak heldu ona irudikatzen du eta beste erraldoiek heldu gaiztoak.

Euskaraz zer dago?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Roald Dahl idazlearen lan nahiko dago euskaratuta, besteak beste:

  • Charlie eta txokolate fabrika, Desclée De Brouwer argitaletxeak 1989an argitaratua, Mario Onaindiaren itzulpenarekin.
  • Erraldoi On Miragarria, Erein argitaletxeak 1989an argitaratua, Juan M. irigoienen itzulpenarekin.
  • Danny Munduko txapelduna, Desclée argitaletxeak 1992an argitaratua, Garbiñe Legorbururen itzulpenarekin.
  • Hatz magikoa, Alfaguara-Zubia argitaletxeak 1993an argitaratua, Joseba Ossa eta Xabier Monasterioren itzulpenarekin.
  • Henry Sugarren ixtorio miresgarria, Elkarlanean argitaletxeak 1994an argitaratua, Luis Berrizbeitiaren itzulpenarekin.
  • Atzekoz aurrera hitz egiten zuen apaiza, Desclée argitaletxeak 1995ean argitaratua, Javi Cilleroren itzulpenarekin.
  • Georgeren medizina miragarria, Erein argitaletxeak 1995ean argitaratua, Juan M. irigoienen itzulpenarekin.
  • Ixtorio hautatuak, Elkar argitaletxeak 1996an argitaratua, Luis Berrizbeitiaren itzulpenarekin.
  • Sorginak, Erein argitaletxeak 1998an argitaratua, Juan M. irigoienen itzulpenarekin.
  • Super-Azeri, Alfaguara-Zubia argitaletxeak 1999an argitaratua, Mikel Garmendiaren itzulpenarekin.
  • Matilda, Alfaguara-Zubia argitaletxeak 1999an argitaratua, Agurtzane Ortiz de Landaluzeren itzulpenarekin.
  • Errima errebeldeak, Alfaguara-Zubia argitaletxeak 2001ean argitaratua, Joseba Santxoren itzulpenarekin.
  • Charlie eta txokolate-lantegia, Zubia argitaletxeak 2004an argitaratua, Agurtzane Ortiz de Landaluzeren itzulpenarekin.
  • A zer azeria!, Begiko argitaletxeak 2018an argitaratua, Amets Santxezen itzulpenarekin.
  • Ako Trod, Begiko argitaletxeak 2018an argitaratua, Joseba Santxoren itzulpenarekin.
  • Hatz miragarria, Begiko argitaletxeak 2018an argitaratua, Xabier Bilbaoren itzulpenarekin.
  • Jira, Peli eta hirurok, Begiko argitaletxeak 2018an argitaratua, Joseba Santxoren itzulpenarekin.