Vikidiatik

Rodano ibaia

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Rodano ibaia gorriz ageri da mapa honetan.

Rodano ibaia Europako ibai garrantzitsuenetako bat da. Suitzako Alpeetan du sorburua, 2.400 m baino gehiagoko altueran dagoen glaziar batean, eta Leman aintzira sortzen du. Geneva hiritik igarotzen da, baina ondoren, Frantziatik igarotzen da ia osorik. Ur gehien duen Frantziako ibaia da. Mediterraneoan itsasoratzen da, Frantziako hegoaldean, Arles hiritik gertu. Osotara, 812 kilometroko luzeera du.

Lyon hiritik hasita itsasoratzen den arte, ontzi handiek nabigatu dezakete ibai honetatik. Horregatik, Iparraldeko Europaren eta Mediterraneo itsasoaren arteko lotura garrantzitsu bat da. Horretarako, Rhin ibaiarekin lotuta dago kanal edo ubide baten bidez, Basilea hiritik gertu.

Ibai honetatik hurbil presa eta zentral elektriko asko daude, elektrizitatea edo energia hidraulikoa sortzeko. Nekazaritzarako ere garrantzitsua da, hurbileko lurretan mahasti eta laborantza-gune garrantzitsuak daudelako.

Arles hirian, Rodano ibaia bi adarretan banatzen da eta delta bat sortzen du. Delta horretan, La Camargue izeneko natura-erreserba bat dago; bertan, hegazti-populazio garrantzitsu bat bizi da, flamenkoak adibidez. Zaldi zurien arraza berezi bat ere badago, bai eta askatasunean bizi diren zezenak ere, basatiak ez diren arren.