Rosa Parks

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Rosa Parks 1978an.

Rosa Parks giza eskubideen alde borrokatu zen emakume estatubatuar bat izan zen, 1913an jaiotakoa. "Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) eskubide zibilen mugimenduaren ama" deitu zitzaion. Ospetsu bihurtu zen 1955eko abenduaren 1ean etxera joateko autobusean egin zuenagatik: egun hartan, autobusaren erdialdeko jarleku batean eseri zen, eta gidariak esan zion atzealdean eseri behar zuela, gizon zuri batek eseri behar zuelako bera zegoen lekuan; izan ere, Rosa Parks beltza (edo, gaur egun AEBn esaten den bezala, afroamerikarra) zen, eta aurrealdeko jarlekuak gizon-emakume zurientzat ziren bakarrik. Garai hartan, Alabaman, Rosa bizi zen estatuan, beltzak ezin ziren eseri aurreko jarlekuetan, zurientzako lekurik geratzen ez bazen zurientzat. Baina Rosa Parksek ezetz esan zion gidariari; Koloreko Jendearen Aurrerapenerako Elkarte Nazionaleko kidea zen, eta aspertuta zegoen bere azalaren kolorearen eraginez gaizki tratatua izateagatik. Poliziak preso eraman zuen eta egun bat pasatu zuen atxilotuta. Epaiketa batean, gainera, epaileak isuna ipini zion egin zuenagatik.

Hori dela eta, bere hiriko jende askok autobusen aurkako boikota egin zuen 381 egunez; hau da, autobusak erabiltzeari utzi zioten, injustizia horren kontra protestatzeko. Boikot hark diru asko galarazi zion Rosa Parksen hiriko autobus konpainiari; gainera, Estatu Batuetako beste leku askotara iritsi zen protesta haren berri eta jende asko hasi zen beltzen berdintasunaren aldeko manifestazioak egiten. Azkenik, pertsona askoren borrokari esker, legea aldatu zen eta koloreko jendeak ere nahi zuen lekuan esertzeko eskubidea irabazi zuen. Rosa Parkesen ekintza hura sinbolo bat bihurtu zen arrazismoaren eta arraza-bazterkeriaren kontrako borrokan.

Nola bizi ziren AEBetako beltzak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beltz asko esklabo moduan eraman zituzten Estatu Batuetara Afrikatik; horrek esan nahi du Afrikan harrapatzen zituztela eta gero Ameriketako zuri aberatsek erosten zituztela beren soroetan lan egiteko, soldatarik jaso gabe. Gainera, esklabo horien seme-alabak ere esklabo ziren jaiotzen ziren unetik. Batez ere hegoaldeko estatuetan zeuden esklaboak. XIX. mende erdialdera arte ez zen debekatu AEBetan esklabotza; hala ere, XX. mendean zehar, zuriek era guztietako legeak eta arauak erabiltzen zituzten zuriak eta beltzak banatzeko; arraza-segregazioa deitzen zaio bereizkeria mota horri.

Autobuseko bereizketaz gain, beltz gehienak pobreak izaten ziren, eta leku askotan ez zieten uzten zurien komunak erabiltzea edo zurien eskola eta unibertsitateetan ikastea edo lan askotan aritzea. Eta beltzentzako eskolak, ospitaleak eta auzoak beti txarragoak izaten ziren zurienak baino. Jende asko zegoen horren kontra, baina hegoaldeko estatu horietan, agintariek eta poliziak gogorki tratatzen zituen; asko hil zituzten.

Nolako bizitza izan zuen Rosa Parksek gero?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haren bizitza ez zen oso erraza izan. Mehatxu asko jasan zituen, berak eta bere senarrak euren lana galdu zuten eta beste leku batera bizitzera joan behar izan zuten.

1965tik aurrera, AEBko Kongresuko kide batentzat lanean hasi zen. Giza eskubideen aldeko elkarteekin lan egiten jarraitu zuen eta jende asko animatu zuen injustizien kontra borrokatzera. 1999an, Bill Clinton izeneko presidenteak Kongresuaren Urrezko Domina eman zion; Estatu Batuetako gobernuak emandako sari garrantzitsuenetako bat da hori. Hil zenean, 2005ean, haren gorputza Kongresura eraman zuten, ohore gisa; 50.000 lagunetik gora joan ziren Kongresura Rosari azken agurra ematera.