Sabana

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan

Sabana ekosistema bat da eta bere ezaugarriak belar altuen ugaritasuna eta zuhaitz gabezia dira, zuhaitzak egotekotan, txikiak izaten dira. Gune tropikal eta subtropikaletan kokatzen dira, klima tropikal lehorretan gehienbat. Sabana urtaro lehor eta luze bati dago lotua. Urtaro euritsuetan, belar-landarediak lur guztia estaltzen du. Belarrak urtaro lehorraren bukaeran hiltzen dira baina lurpeko zurtoinei esker (errizomei esker) zeinak erreserba-substantziak pilatzen dituzten, urtaro euritsuan berriz ere sortzen dira.

Fauna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belar-ugaritasunak mesede egiten die animalia-talde herbiboroen bizitzari: larre onenak eta ura dauden guneak topatzeko asmoz bizilekuz aldatzen dutelako gazelek, ñuek, elefanteek, zebrek eta bufaloek. Azken hauek animalia karniboroak izaten dituzte atzetik segika: lehoiak, gepardoak, lehoinabarrak, hienak. Sabanan intsektu ugari ere bizi dira, adibidez, termitak eta sabanari egokitutako beste hainbat animalia, esaterako, hegazti lasterkariak (ostrukak).

Landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sabanako zuhaitzak ez dira oihaneko zuhaitzen espezie berekoak. Lehorteen eta suaren ondorioekiko erresistenteak dira. Sustrai oso garatuak eta sakonak dituzte, urtaro lehorraren amaieran aldian-aldian landaredia suntsitzen duten suteetan errez gero, berriz sortzen dira enborretik, hosto txikiak eta arantzadunak dituzte transpirazioa zein ur-galerak saihesteko, eta adaburua aterki-formakoa izaten dute eguzkiarengandik babesteko. Zuhaitz mota hauen artean esanguratsuak dira akazia arantzatsua, urtaro lehorrean zehar hostoak galtzen dituena, eta baobaba.

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Australia iparraldean, Hego Amerikan, Afrika tropikalean eta Asian aurki daitezke sabanak. Adibide esanguratsuenen artean Serengetikoa dago, Tanzanian (Afrika) kokatua, eta baita Kolonbian eta Venezuelan dagoen Llanos ordokia ere.


Larre tropikalen, subtropikalen, sabanen eta sastrakadien kokapena munduan

Gazelak sabana afrikarrean

Akazia Namibiako sabanan