Sinfonia

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Beethovenen Bederatzigarren Sinfoniako lau mugimenduen hasierak.

Sinfonia orkestrarentzat idatzitako musika-lan mota bat da, XVIII. mendean agertu zena, eta sonata-egitura edo forma duena. Sinfoniak egiteagatik, oso ezagunak dira Mozart, Haydn eta Beethoven.

Sinfoniak hiru edo lau zati desberdin izaten ditu, "mugimendu" izenez ezagutzen direnak:

  • Allegro mugimendua, sonata-forman. Hiru denbora desberdin ditu: azalpena-garapena-berrazalpena. Askotan, denbora motelean ondutako sarrera labur bat izaten du.
  • Mugimendu motela, egitura desberdina izan dezakeena. Formarik erabilienak Romanza, gaiak eta bariazioak eta Rondòa dira; baina Mozartekin (K 551 sinfonian, adibidez) sonata-formak hasi ziren agertzen.
  • Minuettoa, moderato denboran. Sinfoniako mugimendurik laburrena izaten da. Beethovenengandik aurrera, gero eta gutxiago erabiltzen hasi zen, ''scherzo'' batez ordezkatuta
  • Mugimendu arin bat, sonata edo rondò forman.

Lehen eta azken mugimenduak ia beti tonalitate berberean onduak egoten dira (definizioz, sinfonia osoarena den tonalitatean); aldiz, erdiko mugimenduetan askoz aldakortasun handiagoa egoten da. Batzuetan, erdiko bi mugimenduak (mugimendu motela eta minuettoa edo scherzoa) alderantziz egoten dira.

Dena dela, eskema honek salbuespen ugari ditu, batez ere Beethovenengandik aurrera, baina, nolanahi, erreferentzia garrantzitsua izan zen XX. mendearen erdiraino, Mahler, Prokofiev eta Xostakovitxen kasuek erakusten duten bezala.