Vikidiatik

Sofia

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Bulgariako mapa eta Sofia hiriaren kokapena.

Sofia Europa ekialdeko hiri bat eta Bulgaria izeneko herrialdeko hiriburua da. Herrialde horretako hiririk handiena ere bada eta 1,2 milioi biztanle inguru ditu, 2017ko datuen arabera. Bulgariako sei biztanletik bat bizi da hiriburuan. Haietako gehienak bulgariarrak dira, baina turkiar jatorrikoak ere badaude; gehienak kristau ortodoxoak dira erlijio aldetik.

Bulgariako gobernuaren egoitza da, eta, gainera, herrialdeko enpresa, kultura-erakunde, museo eta unibertsitaterik garrantzitsuenak ere hiri horretan daude.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako hiribururik zaharrenetako bat da: lehenengo bizigunea K.a. VII. mende inguruan eraiki zen. Antzinaroan, beste herri askok konkistatu zuten hiria, traziarrek, mazedonioek eta erromatarrek; Aurelianoren enperadore erromatarraren garaian (270-275), Daziako hiriburua izan zen.

Erdi Aroan, hunoek eraso eta arpilatu zuten (haren aberastasunez jabetzeko eraso zutela esan nahi du horrek); garai hartan, Sofia Bizantziar inperioaren barruan zegoen. Geroago, eslaviarrak jabetu ziren hiriaz VII. mendean eta bulgariarren esku geratu zen IX. mendean. XIV. mendearen bukaeran, otomandarrek setiatu eta konkistatu egin zuten eta denbora luzez haien inperioaren mende egon zen. Errusiarrek Bulgariako hiriburu bihurtu zuten 1879an, Bulgariak bere independentzia lortu zuenean.

Leku ikusgarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Alexander Nevsky katedrala: munduko katedral ortodoxorik handienetako bat da. Modernoa da, 1882an hasi zen eraikitzen.
  • Sveti Georgi (San Jurgiren) eliza: IV. mendekoa da, adreiluz egina eta biribila. Otomandarren garaian, meskita bihurtu zuten.