Vikidiatik

Sudur

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Giza sudurraren barrunbea.
Katu-sudurra.

Sudurra gizakiek eta animalia askok duten organo garrantzitsu bat da. Arnas-aparatuko atal bat da, arnasteko eta usaintzeko erabiltzen dena. Gizakiok aurpegiaren erdian daukagu sudurra, ahoaren gainean. Animaliek, berriz, muturraren aurreko aldean.

Sudurra arnasa hartu eta botatzeko erabiltzen da, ahoa bezala. Izan ere, ahoa eta sudurra dira arnas-aparatuko bi sarrerak, airea biriketara eramateko; birikek, izan ere, bizitzeko behar den oxigenoa ateratzen dute airetik.

Gizakion sudurra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arnasten dugunean, airea sudur-zuloetatik sartzen dugu gure barrura; gero, eztarritik barrura, biriketaraino iristen da. Sudurraren barruan, kartilagozko pareta batez banatuta daude bi sudur-hobi edo barrunbeak; barrunbe horiek likido bat jariatzen dute (mukia), airea hezetzeko, batetik, eta, bestetik, sudur barruan ditugun ileekin batera, airean datorren hautsa edo zikinkeria harrapatzeko eta, horrela, zikinkeria hori biriketaraino ez iristeko.

Bestalde, airean dauden bakterioak ere geratzen dira harrapaturik sudur barruko mukietan, gaixotasun infekziosoak ekiditen laguntzeko eta arnas-aparatua ez gaixotzeko; izan ere, sudur barruko eta eztarriko pasabideak infekzio batez gaixotzen direnean, itxi egiten dira eta zailagoa izaten da arnastea, bai eta usaintzea ere. Hotza, alergiak, infekzioak eta aireko zikinkeriak dira arnas-aparatuan arazo horiek sortzen dituztenak.

Beste alde batetik, sudurretik sartzen den aireak usainak ere izaten ditu. Eta sudurrean baditugu usain horiek nabaritzen laguntzen diguten nerbioak; nerbio horiek burmuinera bideratzen dute usainei buruzko informazioa eta horrela nabaritzen ditugu usainak. Gizakiok trilioi bat usain desberdin nabaritzeko gai gara.

Nola usaintzen dute beste animaliek?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ugaztun askoak, txakurrek adibidez, oso usaimen ona izaten dute, gizakiok duguna baino askoz ere hobea. Janaria, beste animaliak eta ingurua usaintzeko erabiltzen dute. Baina beste ugaztun askok ez daukate sudurrik edota usaimenik ere; esaterako, baleek zulo bat dute buruaren gaineko aldean arnasteko. Balea batzuek bai sumatzen dituzte usainak arnas-zulo horretatik, baina beste batzuek ez.

Txoriek, narrastiek, anfibioek eta arrainek ere badituzte sudur-zulo batzuk usaintzeko. Arrainen eta anfibio batzuen kasuan, airearen ordez, ura sartzen da sudur-zuloetatik. Narrastiek, sugeek adibidez, usaimen-organo berezi bat izaten dute ahoaren sabaian; sugeek mihia (miztoa ere deitzen da euskaraz) erabiltzen dute usainak harrapatzeko; gero, aho barruko usaimen-organo berezi horretan igurtzitzen dute, usaina nabaritzeko.

Oso berezia da elefanteen sudurra. Hodi luze moduko bat da, tronpa izenekoa. Elefanteek tronpan dituzten hatz moduko batzuk erabiltzen dituzte gauzak hartzeko eta janaria ahoratzeko.