Vikidiatik

Suitza

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Suitzaren kokapena.
Suitzako bandera.

Suitza Europako erdialdean dagoen herrialde bat da, zehazki Alpe mendietan. Beste herrialde batzuez inguratuta dago, eta beraz, ez du itsasorik. Iparraldean Alemaniarekin egiten du muga, mendebaldean Frantziarekin, hegoaldean Italiarekin eta ekialdean Austria eta Liechtensteinekin.

Berna da Suitzako hiriburua, baina ez da hiririk handiena. Herrialdeak 8 milioi biztanle baino gehiago ditu, eta lau hizkuntza ofizial hitz egiten dira bertan; biztanle gehienek (% 68) alemanez hitz egiten dute, % 23k frantsesez, % 8k italieraz eta % 0,5k erromantxez.


Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suitzako zatirik handiena (erdialdea eta hegoaldea) Alpeetan dago. Ibai garrantzitsu askok dute sorburua Suitzako mendietan, adibidez, Rhin eta Rodano ibaiek. Suitzako lakurik handienak Konstantza Lakua eta Genevako Lakua dira; lehena ipar-ekialdean dago, eta bigarrena, aldiz, hego-mendebaldean.


Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suitza munduko herrialde aberatsenetako bat da. Ekonomia zerbitzuetan eta industrian oinarritzen da. Bankuak eta turismoa zerbitzuen sektoreko jarduera oso garrantzitsuak dira. Industriak makineria, produktu kimikoak, erlojuak eta elikagaiak ekoizten ditu, beste produktu batzuen artean.

Suitzako nekazariek hainbat elikagai landatzen dituzte: azukre-erremolatxa, garia, garagarra, patata, sagarra eta mahatsa. Behiak eta txerriak ere hazten dituzte. Suitzako esnekiak eta txokolatezko produktuak oso ezagunak dira.


Historia apur bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinatean, duela 2.000 urte baino gehiago, Helvetii izenez ezagutzen zen herri zelta bat mendebaldeko Suitzan bizi zen. K.a. 58. urtetik aurrera, Erromatar Inperioak lur horiek bereganatu zituen, baina geroago, III. eta V. mendeen artean, tribu germaniar batzuek inbaditu zituzten.

1000. urtearen inguruan, Austriako Habsburgo familiak Suitzako boterea hartu zuen. 1291n Suitzako komunitate txiki batzuek beren indarrak batu zituzten Habsburgotarren aurka; komunitate horiek Suitzako Konfederazioa sortu zuten eta 1648an Habsburgotarrengandik independizatu ziren.

XVI. mendean, Suitza erreforma protestantearen erdigunea izan zen. Erreforma hori Erromatar Eliza Katolikoaren zenbait praktika aldatzeko ahalegin gisa hasi zen. Azkenean, mendebaldeko Europako kristauen banaketa eragin zuen; protestanteak eta katolikoak bereizi ziren. Protestanteak Erromako katolikoen aurka borrokatu ziren Suitzako zenbait lekutan.

Frantziak Suitza inbaditu zuen 1798an, baina herrialdeak 1815ean berreskuratu zuen independentzia. Herrialde neutral bihurtzea erabaki zuten orduan; horrek esan nahi zuen suitzarrek ez zutela bandorik hautatuko nazioarteko gatazketan.

Horregatik, Suitza neutrala izan zen Lehen Mundu Gerran eta Bigarren Mundu Gerran, eta ez zuen parte hartu bi gertakari latz horietan. Aurrerago, Suitzak erakunde internazionaletako kide ez izatea erabaki zuen, hala nola, Nazio Batuen Erakundekoa (NBE) eta Europar Batasunekoa. Hala ere, herrialdeak lotura handia du Europako gainerako herrialdeekin eta 2002an, azkenik, NBErekin bat egitea erabaki zuen.


Irudi batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]