Tartalo

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Tartaloren irudia, Olentzeroren etxean, Mungian.

Tartalo euskal mitologiako izaki begibakar eta erraldoia da.

Elezaharren arabera, haitzuloetan bizi da, eta jendea harrapatu eta jan egiten du.

Tartaloren kondaira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elezaharrak dioenez, joan ziren bi anaia mendira ehiza egitera, eta izugarrizko ekaitza etorri zitzaien gainera. Babesteko asmoz, inguru haietan zegoen etxola handi batean gorde ziren. Berehala, atzetik artalde bat sartu zen, eta, haiekin, artzaina, begi bakarreko gizon handi bat. Sartu ahala, harri handi batekin itxi zuen sarrera, eta berehalaxe konturatu zen bi anaiak barruan zeudela. Orduan, Tartalok esan zien anaietan zaharrena jango zuela afaltzeko, eta gaztea hurrengo egunerako utziko zuela. Horrela, bada, hartu zuen anaia zaharrena, erre egin zuen sutan, eta jan egin zuen. Betekadaren ondoren, lurrean etzanda, zerraldo gelditu zen lotan. Hura ikusirik, Antimuñok, anaia gazteak, burruntzia sutan goritu eta begi bakarrean sartu zion. Tartalo marruka altxatu zen, eta, burruntzia begian iltzatua zuela, gaztearen bila hasi zen, baina itsu zegoen, eta ardi tartean ezin izan zuen aurkitu anaia gaztea. Goizean, ateko harritzarra kendu, eta irteeran kokatu zen hanka zabalik. Ardiei banan-banan haien izenez deitu, eta hanka tartetik ardiak kanporatzen hasi zen, anaia gaztea harrapatzeko asmotan. Gazteak, ardi-larru bat bizkarrean zuela, lau hankatan, beste ardiekin batera, kanpora ihes egin zuen, Tartaloren hanka tartetik. Tartalok igarri egin zuen, eta, gaztearen hanka hotsa jarraituz, haren atzetik abiatu zen lasterka. Gazteak, osin batera jauzi egin, eta alde egin zion igerian. Tartalok ez zekien igeri egiten, eta ito egin zen.

Tartaloren oso antzekoa den beste pertsonaia mitologiko bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herritik kanpoko mitologian bada Tartaloren parekoa den beste pertsonaia bat: Ziklopea edo Polifemo.