Thomas Alva Edison

Vikidiatik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu
Edison, 1922 inguruan.

Thomas Edison asmakuntza askoren sortzailea izan zen. Bere kabuz edo beste kide batzuekin 1.000 gailu baino gehiago sortu zituen. Bere asmakuntza ezagunenak, besteak beste, fonografoa (disko-jogailua), bonbila eta zinema-proiektorea dira.

Edisonek fonografoan egindako lehen grabaketa.

Bizitza eta lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Thomas Alva Edison Estatu Batuetako Ohion jaio zen, 1847ko otsailaren 11n. Entzumena galdu zuen, oso gaztea zenean. Oso haur irudimentsua zen, jakinmin handikoa; hala ere, ez zen oso ondo ibili eskolan, beharbada ezin ziolako maisuari entzun. Amak hezi zuen etxean.

Mutikotan, telegrafo-operadorea izan zen. Momentu hartan, telegrafia komunikatzeko sistemarik garrantzitsuenen artean zegoen. Thomas oso ona zen Morse kodean idatziak zeuden mezuak bidaltzen eta jasotzen. Asko gustatzen zitzaion gailu telegrafikoekin ibiltzea, eta haientzako hobekuntza batzuk egin zituen. 1869ko hasieran, bere telegrafo-lana utzi zuen, denbora guztian asmatzailea izateko.

Edisonek oso gogor lan egin zuen beste zientzialari eta kide batzuekin bere proiektuak amaitzeko. AEBetan zenbait ikerkuntza-laborategi eraiki zituen. Azkenik, enpresa batzuk sortu zituen, haren asmakuntza arrakastatsuak ekoitzi eta saltzen aritu zirenak.

Bizitza gehiena lanean eman zuen arren, bere familia garrantzitsua zen berarentzat. Birritan ezkondu zen eta sei seme-alaba izan zituen. 1931ko urriaren 18an hil zen.