Tirana

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Tirana hiria hegoaldetik ikusita.

Tirana Europa hegoaldeko hiri bat da, Albania izeneko herrialdeko hiriburua bai eta hiririk handiena ere. 2018ko urtearen hasieran, 860.000 biztanletik gora zituen. Aspaldian, hiri industriala zen, makinak, zapatak eta oihalak egiten zituzten fabrikak zituelako. Gaur egun, berriz, industria horiek ia desagertuta daude; jende gehienak merkataritzan eta zerbitzuen alorrean lan egiten du.

Herrialdeko kulturaren zentro nagusia da. Artista ugarik bizi eta lan egiten dute hiri honetan. Opera-antzoki bat, Albaniako liburutegi nazionala eta museo asko ditu. Turismoak ere gero eta garrantzi handiagoa du. Herrialdeko hotelik handienak daude hirian eta jende askok lan egiten du turismoaren sektorean.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun Tirana hiria dagoen lekuan aspalditik bizi izan da jendea, Paleolito arotik gutxienez, arkeologoek frogatu duten bezala. Gaur egungo hirian, gainera, erromatarren garaiko aurkikuntzak agertu dira; erromatarren gaztelu edo gotorleku baten eta etxe batzuen aztarnak eta garai hartako mosaikoak, adibidez.

Dirudienez, hiria nahiko txikia zen XVI. mendearen hasieran. 1614an iritsi omen zen hiri bat izatera, agintari batek hainbat eraikuntza bultzatu zituenean: besteak beste, Sulejman Pasharen meskita edo meskita zaharra eta "hammam" edo bainu publiko batzuk. Sulejman Pasha hori Otomandarren inperioko general bat zen.

Izan ere, otomandarrak XV. mendearen hasieratik jabetu ziren Albaniaz eta inguru hauetako lurralde gehienez; eta herrialdea 1912an independizatu zen arte jarraitu zuten hiria eta herrialde osoa edukitzen haien agintepean. Horregatik biztanle gehienen erlijioa musulmana da, nahiz gaur egun Estatuak erlijio ofizialik ez eduki.

Tirana Albaniako hiriburu bihurtu zen 1920an eta laster hasi zen handitzen.

Bigarren Mundu Gerran, hiria faxista italiarren eta Alemaniako nazien esku egon zen, harik eta komunistek boterea eskuratu zuten arte; komunistek 1944tik 1991ra arte agindu zuten hirian eta herrialde osoan; denbora luzez, oso zaila izan zen herrialde honetara sartzea beste herrialdeetako jendearentzat.

Leku ikusgarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan bezala, aspaldiko urteetan turismoa asko handitu da hirian. Eta badira leku interesgarriak ikusteko. Adibidez:

  • Petrelë gaztelua: Erromatarren garaiko gaztelu baten gainean eraikita dago, baina ez dago hirian bertan, hurbil baizik.
  • Et'hem Beyren meskita: XVIII. mendekoa da eta hiriaren erdialdean dago. Barruan oso pintura politak ditu.
  • Erromatarren garaiko etxea: Gure aroko III. mendekoa da eta oso mosaiko interesgarriak ditu
  • Skandenberg plaza: hiriko plazarik handiena; 40.000 m² ditu.