Vikidiatik

Troiako zaldia

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Troia suntsituta.

Troiako zaldia egurrezko estatua bat da, Iliada izeneko kontakizunean agertzen dena. Antzinako Greziako literatura-lan honek 2.500 urte baino gehiago ditu, eta greziarren eta troiarren arteko gerra deskribatzen du. Esan ohi da autorea Homero izeneko poeta bat izan zela, baina gaur egun ez dago oso argi autore hori benetan bizi izan zen ala ez.

Iliadaren arabera, greziarrak troiarren aurkako gerra hasi zuten, baina hamar urtez borrokan ibili arren, ezin izan zuten hiria konkistatu. Azkenean, trikimailu bati esker, hiriaz jabetzea lortu zuten: egurrezko zaldi handi bat egin zuten eta hiriaren aurrean utzita, alde egin zuten borrokalekutik. Horrela, troiarrek pentsatuko zuten Atenea jainkosa greziarrari eskainitako oparia zela, eta greziarrek bertan uzten zutela beren herrira itzuli ahal izateko. Baina armada greziarra, aldegin beharrean, ezkutatu egin zen, eta, gainera, egurrezko zaldiaren barnean hainbat soldadu greziar zeuden gordeta.

Troiarrek hirira sartu zuten zaldia, pentsatuz era horretan haiek jasoko zutela jainkosaren bedeinkazioa. Baina gauez, inork ikusten ez zituenean, soldadu greziarrak zaldi barrutik irten eta hiriko ateak ireki zituzten; horrela, armada greziarrak Troian sartzea lortu eta hiria konkistatu zuen.

Zaila da esaten istorio hau benetan gertatu zen ala asmakeria literario bat besterik ez den. Edonola ere, «Troiako zaldia» esaera zentzu berezi batekin erabiltzen da gaur egun; hau da, pertsona batek, inor konturatu gabe, leku batean sartzeko erabiltzen duen trikimailua da. Adibidez, ordenagailuei buruz ari bagara, Troiako zaldi bat edo troiano bat programa informatiko gaizto bat da, posta elektroniko bidez irits daitekeena; irekitzen baduzu, norbaitek zure ordenagailua kontrolatzeko aukera izango du zu konturatu gabe. Horregatik, kontu handiz ibili behar dugu ordenagailuak erabiltzean.