Vikidiatik

Ural mendiak

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Ural mendien kokapena.

Uralak Errusiako mendikate bat dira; dena dela, Kazakhstan izeneko herrialderaino iristen dira. Europaren eta Asiaren arteko muga dela esan ohi da; baina kontuan izan beharra dago muga hori artifiziala dela, Europak eta Asiak Eurasia izenaz deitzen den kontinente bakarra osatzen dutelako.

Nahiko mendikate luzea da, 2.500 km ditu iparraldetik hegoaldera. Mendiak ez dira oso garaiak (garaienak 1.894 m ditu). Oso mendikate zaharra da eta oso higatua dago. Lurreko plaka tektonikoen mugimenduen ondorioz sortu zen, hau da, lurreko plakak bata bestearen aurka bultzaka ari zirelako eta, horrela, antzinako lautadak altxatu eta mendi bilakatu zirelako.

Mendikatearen iparraldea basoz beterik dago. Horren ondorioz, ez da ia inor bizi bertan. Hegoaldeko mendi-hegal eta lur emankorreko haranetan abereak bazkatzen dira.

Bestalde, mendikatean hainbat baliabide aurkitu daitezke (burdin meategiak, adibidez), beraz, oso eskualde garrantzitsua da Errusiarentzat. Mineralen ustiapenaren ondorioz hiri asko sortu dira, besteak beste, Perm eta Ekaterinburg. Dena dela, gaur egun meategiak agortzen ari dira eta eskualdea txirotzen ari da.

Irudi batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]