Vikidiatik

Urano

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Uranoren eta Lurraren tamainen arteko konparazioa.

Urano gure eguzki-sistemako planeta bat da; eguzkitik kontatzen hasita, sistemako zortzi planetetatik zazpigarrena da. Beraz, Saturno eta Neptuno tartean dago.

Tamainari begiratuta, eguzki-sistemako hirugarren planetarik handiena da. Lurrarekin konparatuz gero, Uranoren diametroa lau aldiz handiagoa da; haren barruan, 14 Lur planeta sar litezke. Bestalde, Lurra baino 19 aldiz urrunago dago Eguzkitik.

Gizakiak nahiko berandu jakin zuen Urano existitzen zela: 1781ean deskubritu zuen W. Herschel izeneko astronomo batek planetaren bi ilargirik handienekin batera. Hasieran, astronomo horrek Jurgiren Izarra izena ipini zion, urte hartan Erresuma Batuko errege zen Jurgi III.aren omenez. Baina izen horrek ez zuen arrakastarik izan Erresuma Batutik kanpo, eta azkenik, gorabehera batzuen ondoren, mitologia greko-erromatarreko Uranos izeneko jainko baten izena eman zitzaion.

Planetaren ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eguzki-sistemako azken lau planetak bezala, gasezko planeta bat da; metano gas izoztuz eginda dago. Haren atmosfera ere metanozkoa da.

Eguzkitik oso urrun egonda, haren inguruan egiten duen orbitak (jira bakoitzak) 84 urte irauten du; hau da, "gure" 84 urte behar ditu buelta oso bat emateko eguzkiari (Lurrak, aldiz, urte bat besterik ez; izan ere, horri deitzen diogu urtea: Lurrak Eguzkiari buelta oso bat emateko behar duen denborari). Aldiz, Lurrak baino azkarrago jiratzen du bere ardatzean: Lurrak 24 ordu behar ditu jira oso bat egiteko; Uranok, berriz, 17 ordu besterik ez.

Ba al du eraztunik? Eta ilargirik?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jupiterrek eta Saturnok bezala, Uranok ere baditu eraztunak, baina ez beste bi planeta horienak bezain ikusterrazak: 11 eraztun ditu gutxienez, harrizkoak eta hautsezkoak; oso estuak eta ilunak dira, eta horregatik 1977ra arte ez ziren deskubritu. Urte hartan, gizakiak bidalitako zunda edo espazio-tresna bat, Voyager 1 izenekoa, Urano ingurura hurbildu zen, eta, 9 urte geroago, 1986an, Voyager 2 izeneko beste bat; azken hau, Neptunoraino ere hurbildu zen.

Bestalde, 27 ilargi edo satelite natural ditu. Voyager 2 izeneko zundak Uranoren hamar ilargi deskubritu zituen, bai eta Neptunoren beste sei ere. Haietako gehienak izoztuta daude eta ez dute atmosferarik.