Uraren zikloa

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Uraren zikloa.

Uraren zikloa edo ziklo hidrologikoa urak pasatzen dituen fase desberdinen segida da:

  • Lurrunketa: ura lurretik, itsasotik, ibaietatik eta abarretatik lurrundu egiten da beroaren eraginez, eta zerurantz igotzen da. Fase honetan, ur likidoa gas bihurtzen da eta hidrosferatik atmosferara igarotzen da.
  • Kondentsazioa: Lurruna, zerura igo ondoren, hoztu egiten da eta lurruna osatzen duten ur-partikula txikiak elkartzen hasten dira berriro, tanta txikiak osatuz. Hau da, ura gas-egoeratik likido-egoerara itzultzen da.
  • Prezipitazioa: Tanta horiek pisua hartzen dutenean, erori egiten dira lurrerantz, euri moduan edo, hotzaren eraginez, izotz edo elur moduan.

Hiru fase horiek zirkularrak dira; hau da, prezipitazioen ondoren, ura berriro lurrera iristen denean, noizbait beroaren eraginez lurrundu egingo da, eta abar. Horregatik deitzen zaio uraren zikloa.

Lurreko ur gehiena egoera likidoan egoten da, itsaso eta ozeanoetan, baina baita lurrazpiko ur eta lurrazaleko uretan (ibaiak eta lakuak) ere. Egoera solidoan ere ur asko topa daiteke; adibidez, bi poloetan eta mendiko glaziarretan pilaturiko izotza. Proportziorik txikiena atmosferan egoten da, egoera likidoan, laino moduan, edo gas-egoeran lurrun moduan. Atmosferako ura, ordea, oso garrantzitsua da hidrosferako gune ezberdinetako uren trukea gerta dadin; izan ere, horri esker, ur-gordailu nagusietatik urruti dauden zonalde kontinentaletara irits daiteke.

Gure planetako lurrazalaren hiru laurdenak urez estalita daude.