Urbanizazio prozesua

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
New York hiria.

Urbanizazio prozesua biztanleak eta euren jarduera ekonomikoak hirietan kontzentratzeko prozesuari deitzen zaio, bai eta, horren ondorioz, hirien kopuru eta tamaina handitzeko joerari ere. Prozesu hau duela 6.000 urte inguru hasi zen, lehen hiriak sortu zirenean, eta gaur egunera arte iraun du. Gaur egun, munduko biztanleriaren ia erdia bizi da hirietan. Orokorrean, urbanizazioa funtsezko prozesu bat da ekonomia garatzeko eta bizi-baldintzak hobetzeko.

Mundu osoan aspalditik gertatzen ari den fenomenoa da; izan ere, urbanizazioa dagoeneko ez da herrialde garatuenen kontua, mundu osoan gertatzen ari baita. Baina, hala ere, prozesu hau ez da berdin gauzatu herrialde garatuetan eta garatugabeetan:

  • Herrialde garatuetan, Industria Iraultzatik hasita XX. mendeko 50eko eta 70eko hamarkadetara arte indartu zen urbanizazio-prozesua, ekonomia-garapenaren ondorioz; horren eraginez, landa-eremuetan bizi ziren biztanle asko hirietara joan ziren bizitzera eta lan egitera.
  • Herrialde garatugabeetan, aldiz, urbanizazio prozesua askoz berriagoa da. Bi arrazoirengatik gertatu da: hazkunde demografiko orokorragatik eta landa-eremuetako immigrazio handiagatik. Herrialde hauetan, urbanizazioan desoreka handia egon da; izan ere, hiri-aglomerazio handiak eta nekazaritzagune zabalak daude, baina hiri txikiak, aldiz, oso gutxi dira. Hiri-hazkundea goraka doa herrialde guztietan, baina arazoak ere ugaritzen ari dira: makrozefalia, planifikaziorik eza, hornikuntza eskasak, txabolismoa, osasun eta bizigarritasun baldintza txarrak, etab.

Gaur egun, urbanizazio prozesuaren abiadura askoz handiagoa da herrialde garatugabeetan edo garabidean dauden herrialdeetan; izan ere, 1950 inguruan, herrialde aberats edo garatuetako hiri-biztanleria herrialde pobreetakoa halako bi zen (bi aldiz handiagoa zen); 1975erako, bi kopuruak parekatu egin ziren; 2000n, ordea, herrialde pobreetako hiri-biztanleria herrialde aberatsetakoa baino bi aldiz handiagoa zen.

Gauzak horrela, XIX. mendearen hasieran, Londres zen milioi bat biztanle zituen munduko hiri bakarra. Eta Ingalaterra zen munduko herrialderik urbanizatuena. 1850ean, bi hirik baino ez zuten milioi bat biztanle baino gehiago: Londresek (2,3 milioi) eta Parisek (1,1 milioi). XX. mendearen hasieran, berriz, milioi bat biztanletik gorako hiriak 10 ziren munduan: Londres (4,5), New York (3,4) eta Paris (2,7) ziren jendetsuenak. Gaur egun, Londres eta Paris ez dira iristen 10 milioi biztanle izatera, baina bai, aldiz, New York, Mexiko hiria, Sao Paulo eta Shangai.