Urdaibai Biosfera Erreserba

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Urdaibai Biosfera Erreserbako mapa, udalerrien mugekin.

Urdaibaiko Biosfera Erreserba Bizkaiko kostaldean, Busturialdeko eskualdean dagoen ingurune bat da. Euskal Herrian dagoen hezegunerik garrantzitsuena da, eta babestuta dago, daukan aberastasun ekologiko handiagatik eta habitat natural ugariengatik. Europako iparraldetik datozen hegaztientzat, atseden-leku eta negua pasatzeko eremu bikaina da. Horregatik, Unesco erakundeak Biosferaren Erreserba izendatu zuen 1984an, eta gero, 1989an, Eusko Legebiltzarrak Urdaibai babestu eta antolatzeko legea onartu zuen.

Erreserbak 220 km² dauzka guztira; hots, Bizkaiko azaleraren % 10. Bere barruan 22 udalerri daude, eta 42.500 biztanle bizi dira bertan, horien erdiak Bermeo eta Gernika-Lumon.

Espezie bitxiak ikus daitezke, hala nola lertxun hauskarak, ubarroiak, mokozabalak, kaioak eta zangoluze ugari: kurlinak, txirriak, kuliskak, bernagorriak...

Bi paisaia mota dira nagusi ingurunean: barrualdekoa (mendi malkartsuak eta hegal aldapatsuak) eta itsasertzekoa (itsaslabarrak). Garaiera txikiko mendiak daude itsasadarraren bi aldeetan: garaiena Sollube da (663 m); bigarrena, berriz, Goroño da (607 m).

Kantauriko artadia ere erreserbako beste ondare handi bat da: itsasadarraren alde bietan hedatzen da, eta kontu handiz zaindu behar da. Habitat horretan, honako animalia hauek bizi dira, besteak beste: katajinetak, lepazuriak, azeriak, trikuak, birigarroak eta zozoak.

Beste alde batetik, ekosistema horien ondoan, ingurunean txertaturik dagoen landazabala ere badago. Nekazaritza sistema horrek natur balio handia dauka: bertako habitat ugariek baliabide eta babesleku asko eskaintzen dizkiete bertako biztanleei eta hegaztiei.

Nabarmentzeko modukoa da, bestalde, erreserbako arkeologia-ondarea; hau da, Foruko erromatar aztarnategia eta Santimamiñeko kobak Kortezubin. Santimamiñeko kobetatik hurbil, Oma basoa dago. Bertan, Agustin Ibarrolaren "baso biziduna" ikus daiteke, margotuta dauden pinuez osatutako artelana.

Urdaibaiko ikuspegia: Kanalape, Busturia eta Sukarrieta.