Vikidiatik

Valentzia

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Valentziako leku ezagun batzuk.

Valentzia Hegoaldeko Europako hiri bat da, bai eta Espainiako hirugarren hiria, tamaina eta biztanleria aldetik, Madril eta Bartzelonaren ondoren. Valentziako Erkidegoko eta Valentzia probintziako hiriburua da. 2016ko datuen arabera, 800.000 biztanle ditu; baina haren metropoli-eremuan (hiriaren inguruko udalerriak ere kontatuz) milioi bat eta erdi biztanle inguru bizi dira bertan.

Mediterraneo itsasoaren kostaldean dago, Iberiar penintsulako ekialdean. Klima mediterraneoa du, epela eta apur bat euritsua neguan, eta beroa eta lehorra udan.

Historia apur bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatarrek sortu zuten hiria K.a. 138. urtean, Valentia izenarekin. Arkeologoek lurpean aurkitu dituzte hiri erromatarraren hondar batzuk; izan ere, erromatarren garaian bertan, K.a. 75. urtean, erromatarren arteko gerra batean, hiria suntsitu egin zen eta 50 urtez abandonatuta egon zen. I. mendean berriro jendeztatzen hasi zen eta eraikinak konpontzen eta berriak eraikitzen hasi ziren.

711. urtean, musulmanek hiria konkistatu zuten eta haien mende egon zen 1238. urtera arte; urte hartan, Jakue I.a Aragoiko erregearen armadak hartu zuen hiria kristauentzat. Aragoi eta Kataluniatik joandako familiekin jendeztatzen hasi zen.

Aragoiko eta Gaztelako erresumak batu zirenean, hiriaren ekonomia gainbehera joan zen. Gainbehera hori are gehiago okertu zen 1609. urtean, morisko eta juduak penintsulatik kanporatu zituztenean; hiru biztanletik batek alde egin behar izan zuen Valentziatik, eta hiriaren hondamena ekarri zuen.

XIX. mendean, Espainiako Independentzia Gerran, Napoleon Bonaparteren armadak hiria okupatu zuten; hiria Espainiako hiriburu bihurtu zuten denbora labur batez, Josef Bonapartek bere Gortea (errege-erreginen eta ingurukoen egoitza) hiri honetara aldatu zuenean 1812an.

XX. mendean, Espainiako Gerra Zibila bitartean, Espainiako errepublikako hiriburu bihurtu zen, gobernu errepublikarrak Madrildik Valentziara aldatu baitzuen bere egoitza 1937ra arte. Espainiara demokrazia itzuli zenean, antzinako Valentziako Erresumako hiru probintziak Valentziako autonomia-erkidegoa delakoan batu ziren, eta Valentzia hiria erkidegoko hiriburu bihurtu zen.

Leku ikusgarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiri honek monumentu eta eraikin oso interesgarriak ditu. Antzinako garaietatik kontserbatzen direnen artean, aipatzekoak dira Valentziako katedrala eta Serrans dorrea, hiriko Erdi Aroko harresietako bi ateetako bat. Garai modernoko lekuen artean, jende asko joaten da Valentziako Arte eta Zientzien Hiria delakoa ikustera, bere arkitektura modernoagatik eta han dauden museo, erakustoki eta L'Oceanogràfic izeneko aquariumagatik.