Vikidiatik

Valletta

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Valletta hiria, iparraldetik ikusita.

Valletta Europako hiri bat da, bai eta Maltako hiriburua ere. Mediterraneo itsasoan dagoen uharte edo irla bat da Malta. Hiria txiki samarra da; 2014ko datuen arabera, 6.500 biztanle inguru ditu. Hiriaren inguruan, ordea, 90.000 pertsonatik gora bizi dira. Dena dela, Europar Batasuneko hiribururik txikiena da.

Turista askok bisitatzen dute hiri hau; kafe zaharrak eta lorategi ederrak ditu; gainera, hiriak gaztelu bat dirudi: harresi handiak ditu, oso ondo kontserbatuak, eta, horregatik, UNESCOk Gizateriaren Ondasunen zerrendan sartu du.

Nola sortu zen hiri-gotorleku hau?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen biztanleen aztarnak duela 4.500 urte ingurukoak dira. Historian zehar, hainbat herrik menderatu dute. Gertakaririk garrantzitsuena, ordea, 1565ean gertatu zen: orduan, otomandarren inperioko armadak setiatu egin zuen (inguratu egin zuen, erasotzeko) hiria, baina Maltako Ordena izeneko erakunde militar kristau bateko zaldunek eutsi egin zioten erasoari; otomandarrak gehiago izan arren, alde egin behar izan zuten azkenik.

Aurrerantzean hobeto defenditu ahal izateko, Maltako Ordenako zaldunek hiri-gotorleku bat eraiki zuten Sciberras izeneko mendian. Eta Jean de la Vallette izeneko buruzagiaren omenez ipini zioten Valletta izena. Gotorlekua eraikitzeko, 20 urte behar izan zituzten, eta Aita Santuaren laguntza izan zuten.

Napoleon Bonapartek hiria okupatu zuen 1798an.

XX. mendean, alemanek eta italiarrek hegazkinez eraso zioten eta etxe asko suntsitu zituzten; baina bonba ugari bota arren, harresiek zutik iraun zuten.

Leku ikusgarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • San Joan katedrala: XVI. mendekoa, barrutik dekorazio barroko oso aberatsa du. Caravaggio izeneko margolari italiarraren margolan bat dauka.
  • Maisu Handiaren jauregia: XVI. mendekoa da eta, gaur egun, Errepublikako lehendakariaren egoitza da.
  • Arte Ederren Museoa: Barroko garaiko margolarien lan garrantzitsuak ditu, hala nola José de Ribera edo Guido Reni izeneko margolarienak.