Vikidiatik

Venezia

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Veneziako San Marko plaza.

Venezia Italiako hiri bat da, oso garrantzitsua historiaren, kulturaren eta turismoaren ikuspegitik. Dituen kanal eta ubideek, jauregiek eta arteak egin dute ospetsu.

Hiria 100 uhartetxo baino gehiagoren gainean dago eraikita. Uharte txiki horiek Itsaso Adriatikoaren ertzeko aintzira batean daude. Gaur egun, 261.000 biztanle ditu, 2018ko erroldaren arabera.

Hiriko kanalen gaineko 400 bat zubik lotzen dituzte Veneziaren azpiko uharteok. Hori dela eta, jendea itsasontzian edo oinez ibiltzen da hirian, ezin da autorik erabili. Txalupa luze eta hondo zapaleko bat, gondola, da Veneziaren sinbolo tradizional bat. Ubide Handiak (Canal Grande) egiten du hiriko kale nagusiarena.

Piazza San Marco izenekoa da Veneziako plaza nagusia. Eliza eder bat dago han, San Marko Basilika, kupula urre-koloreagatik eta barrualdeko mosaikoengatik ospetsua. Plaza horretan dago Dogoen jauregia ere, hau da, hiriko agintarien egoitza zena.

Historia pixka bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Veneziako aintzirako uharteak VI. mendean hasi ziren populatzen. Lehorrean bizi zen jende askok hara jo zuen inbaditzaileengandik ihesi, Erromatar Inperioa erori ondoren.

Dogo izeneko zenbait dukek gobernatu zuten Venezia VIII. mendetik hasita 1797ra arte. Hiria errepublika burujabe bat bihurtu zen, hiri-estatu bat, zehazki. Veneziak merkataritza-bide garrantzitsuak kontrolatzen zituen, eta aberastu egin zen itsas merkataritzari esker. XIII. mendean, inguruetako beste lurralde batzuk bereganatzen hasi zen. Botere eta aberastasunik handienak XV. mendean lortu zituen.

XVI. mendetik aurrera, ordea, Venezia gainbehera hasi zen. Pixkanaka, bere menpeko lurraldeak galdu zituen beste potentzia batzuen kontrako gerretan. 1797an, Austriaren mende geratu zen. Eta 1866tik aurrera, Italiarena da.

Garai modernoetan, Veneziako eraikin handiek kalteak izan dituzte, airearen kutsaduragatik eta aldika gertatu ohi diren uholdeengatk. Gainera, uharteak aintziran urperatzen ari dira, nahi baino bizkorrago. XX. mendean, hiriak zenbait proiektu jarri zituen martxan arazo hauei aurre egiteko.

Argazki batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]